Jorge Arevalo: "Munduko Lanbide Heziketaren elitean kokatuta gaude"

Eneko Azkarate Laspiur 2018ko urr. 26a, 12:16

Jorge Arevalo Oñatiko kultur etxean, eguaztenean.

Lanbide Heziketako sailburuordea Oñatin izan da, EAJk gonbidatuta. IV. Industria Iraultzaren aurrean, euskal Lanbide Heziketaren oraina eta etorkizuna aztertu ditu.

Euskadiko Lanbide Heziketa erreferente da Europa mailan.
Une honetan, Europako Batzordeak hartu du euskal Lanbide Heziketa Europarako eredu moduan. Duela hiru aste izan gara Bruselan eta esan digute Europar Batasunaren estrategia Lanbide Heziketarako gure ereduan oinarrituta dagoela. Europako Lanbide Heziketako bikaintasunezko zentroak diseinatzeko orduan, eredu izango garela ere esan digute. Harro egoteko modukoa da. Ez da gobernu baten edo sail baten kontua, urteetan Lanbide Heziketaren alorrean lanean diharduten ehunka profesionalena baizik.

Zergatik da hori?
Heziketa hutsetik harago doalako gure Lanbide Heziketa. Etorkizuneko langile kualifikatuak formatzeaz gain, enpresa txikien eta ertainen berrikuntzan laguntzen dugu; enpresen sorreran laguntzen dugu: heziketa, berrikuntza eta ekintzailetza edo enpresa-sorkuntza eskutik doaz gure ereduan. Gure hezitzaileak enpresekin batera ikertzen ari dira produktuak edo produkzio prozesuak berritzeko.

Eta euskal Lanbide Heziketak nor du eredu?
Mundu osoko heziketa eredu aurreratuenei begira gaude. Europako eta Europaz gaindiko 42 herrialderekin ditugu harremanak. Australia, Ameriketako Estatu Batuak, Txina, Erresuma Batua, Alemania, Suitza, Herbehereak, Suedia, Finlandia… dira guretako erreferentziak eta hainbat arlotan elkarrekin ari gara. Lehiakide izanda ere, kooperazioan ari gara. Munduko Lanbide Heziketaren elitean kokatuta gaude une honetan. 

Zeintzuk dira, gaur egun, euskal Lanbide Heziketak dituen arazo eta erronka nagusiak?
Pertsonen enplegagarritasuna da gure egiteko nagusia. Era berean, enpresen lehiakortasuna. Eta, batez ere, ikasleak ondo prestatzeaz gain, lan munduan luzaroan ondo aritzeko eta egokitzeko heztea. Teknologiak ekarriko duen IV. Industria Iraultzarako -eta baita beste sektore batzuetarako- ikasleak ondo prestatzea da helburua. 

Industriak pisu nagusia dauka euskal ekonomian; bereziki, Gipuzkoan. Ondo erantzuten die Lanbide Heziketak bertako industriaren eskakizunei?
Kasu batzuetan, Lanbide Heziketa enpresen aurretik doa. Beste batzuetan, batera. Enpresa berritzaileenen premiak asetzeko beharrezkoa da. Tailer adimendunak sortzen ari gara. Enpresak gertu-gertu ditugu.

Baina enpresek langile kualifikatuak eskatzen dituzte.
Bai, lan zehatzak egiteko langile gaituak behar dituzte eta eskaera horri erantzuteko prestatzen ari gara ikasleak. Horregatik jarri nahi dugu balioan Lanbide Heziketa. Esaterako, ingeniari izateko Lanbide Heziketa ikastea oso baliagarria da ezagutzaz gain, gaitasun tekniko batzuk ikasteko. Lanbide Heziketatik lan merkatura doazen ikasleen %90ek baino gehiagok lortzen dute lana. 

Gaur egun, oraindik ere, bigarren mailako ikasketa moduan hartzen da Lanbide Heziketa? Zergatik?
Aspaldiko sinesmen edo kultura bati erantzuten dio. 1950eko hamarkadan eta ostean, jende askok gogor lan egin behar izan zuen. Eta euren seme-alabak hezteko aukera handiagoak izan zituztenez, unibertsitate ikasketen alde egin zuten. Eta oraindik ere ohitura horrek irauten du. Gaur egun, hiru unibertsitate oso on dauzkagu, ezagutza maila handia lortzeko aukera eskaintzen dutenak. Horregatik, gaur egun gertatzen da, batetik, daukagula jende dezente ikasketarik egiteko aukerarik izan ez duena, gazterik lanean hasi zelako bere momentuan, eta, bestetik, unibertsitate ikasketak eginak dituen eta ezagutza handiko jendea, baina hemengo lan merkatuak eskatzen ez duen profilekoa. Desoreka hori gertatzen ari da.

Ikasketak aukeratzerakoan, zeren alde aukeratzeko gomendatzen duzu?
Lehenbizi, norbere gustuko ikasketak egitea da inportanteena. Eta, ondoren, erantzutea ea ikasketa horiekin zer lan egin dezakedan. Zalantzak izanez gero, Lanbide Heziketa ikastea gomendatzen dut. Hori eginda, oinarri bat edukita, lan merkatuan murgiltzeko aukerarekin, unibertsitateko ikasketak egin nahi dituzula, bada, jarraitu ikasten. Orain, kasu askotan, alderantzizkoa gertatzen ari da. 

Unibertsitatea eta Lanbide Heziketa gertuago beharko lukete?
Konpetentzia batek sei elementu ditu: ezagutza, gaitasuna, abilezia, trebetasuna, portaera eta ahalmena. Unibertsitateak lantzen du, sakonean, ezagutza eta gaitasunaren eta ahalmenaren zati bat. Lanbide Heziketak lantzen du ezagutza, gaitasuna, abilezia eta trebetasun asko, eta, era berean, portaera eta ahalmena. Unibertsitatearen ezagutzari gehitzen badiogu Lanbide Heziketaren konpetentzia asko, sekulako profesionalak lor ditzakegu. Gaur egungo hemengo ingeniariak oso ondo formatuta ateratzen dira unibertsitatetik, baina ez dakite, esaterako, motor bat muntatzen edo desmuntatzen. Ingeniari batek lehenago Lanbide Heziketan ikasi badu, ingeniari osoagoa izango da. Lanbide Heziketak aukera handiak eskaintzen ditu eta ez du aterik ixten; ez da bigarren mailako aukera.

Zergatik dago horren emakumezko gutxi Lanbide Heziketan, batez ere, industriara bideratutako espezialitateetan?
Bai, %9koa da bakarrik eta tamalgarria da. Industria sektoreak dauzka, hemen, kalitate oneneko lanpostuak eta soldata handiagokoak. Baina jendea falta da, bereziki, mekatronikan, fabrikazio aurreratuan, robotikan… Gainera, emakumezkoek eta gizonezkoek pentsatzeko modu ezberdina dute eta aberasgarriagoa eta lehiakorragoa da bi generoen pentsatzeko moduak uztartzea, produktu baten diseinuari edo produkzio prozesuei dagokienez. Industriak badu zama bat: garai bateko tailer zikin edo koipetsuen irudi hori. Gaur egun, oso bestelakoa da egoera eta pena da emakumezko gehiago ez animatzea Lanbide Heziketako hainbat karrera tekniko industrial egitera. 

Azken krisialdiak lan barik utzi ditu urte luzez lan merkatuan zeudenak. Zenbateraino izan da garrantzitsua Lanbide Heziketa 40 urtetik gorako langabeei berriro lan merkaturatzen laguntzeko?
Ezinbestekoa izan da. Langabe asko hezi du berriro ere Lanbide Heziketak. Beste espezialitate baten edo lehendik zeukan ezagutza eta abilezia berrindartzeko. Birziklatzeko edo lan merkaturako prestatzeko ezinbestekoa izan da. Bestetik, esaterako, eskola goizegi uzten dutenen kopurua %7koa da Euskadin, Europako baxuenetakoa da. Eta horren arrazoietako bat da Lanbide Heziketa indartsua dugula. 

Migel Altuna ikastetxeak eraikin berria izango du aurki. Nolakoa izango da?
Europako aurreratuena ez bada, aurreratuenetakoa izango da. 4.0 Industriarako prestatua eta inguruko enpresei erantzun onena emateko gaitua. Europako herrialde asko etorriko da ikustera, baita Europako Batzordea ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak