Lehen aldia da jai hau Debagoienean egingo duzuena.
Debagoienean, eskola publikoaren aldeko jai berezia antolatzeko gogoa zegoen. Bailarako eskola publikoak bizi duen egoera eta etorkizunari begira ditugun erronkak eta egitasmoak plazaratzeko beharra sentitu dugu. Ikasturtean zehar gauza asko egiten dira eskolaz eskola, baina, oraingoan, amankomunean ditugun helburuak partekatu nahi ditugu. Euskal Eskola Publikoaren jaia urtero egiten den arren, bailarako jai honek ez du aurrekaririk. Hala ere, errepikatzeko prest gaude.
Zein da jaiaren helburua?
Euskal Eskola Publikoa hezkuntza sistemaren ardatza dela aldarrikatzea, Debagoieneko eskola publikoa bultzatzea eta aurten bereziki Eskoriatzako Luis Ezeiza Herri Eskolaren ondoan gaudela adieraztea. Hori da gure helburu nagusia.
Zein egoera bizi du gaur egun Euskal Eskola Publikoak?
Debagoieneko eskola publikoaren matrikulazio portzentajea hobetu egin beharra dago. Familiek konfiantzaz begiratu behar diote eskola publikoari. Kalitatezko eskola euskalduna da, herrian errotuta dagoena, berrikuntza pedagogikoetan murgilduta dabilena. Gizartean gertatzen ari diren aldaketak eta migrazioa hezkuntza sistema baldintzatzen ari dira, dudarik gabe. Aniztasunaren eta jarrera positiboak eraikitzearen alde gaude. Errealitate honi bizkarra ematen diotenek, lehenago edo geroago, hausnarketa sakona egin beharko dute. Izan ere, gizarteak erantzunak eskatzen ditu.
Zein funtzio du Baikarak?
Gipuzkoako federazioa Baikara da, eta Bizkaiko Bige, Arabako Denon Eskola, Eskola Txikiak eta Iparraldeko Ikas-bi federazioekin batera EHIGE osatzen dugu: Euskal Herriko ikasleen guraso elkartea. Baikararen eta EHIGEren helburu nagusia da eskolak demokratikoak eta gurasoen parte-hartzea bermatzea. Bestalde, lurralde bakoitzean guraso elkarte eta familiei zerbitzu eskaintza zabala eta aholkularitza ematea da federazioen lan nagusia.
Zeintzuk dira Baikararen eta EHIGEren etorkizuneko erronkak?
Bien helburua bera da: hezkuntza publiko euskalduna lehenestea. Baliabideak mugatuak dira, eta jaiotza-tasak behera egingo du nabarmen datozen urteetan. Egun bizi dugun desoreka eta inklusibitate arazoa hezkuntza sistema dual honen eraginez sortu da: publikoa eta pribatua. Hezkuntza publikoa lehenetsi behar dela uste dugu, hezkuntza sistemaren ardatza dela uste dugulako.