Elkarlanean haziz eta heziz eskola publikoan

Eneko Azurmendi 2018ko urr. 19a, 09:39

Debagoieneko zenbait euskal eskola publikotako guraso elkarteetako ordezkariak.

2018-2019 ikasturtean, 5.134 ikasle matrikulatu dira Debagoieneko Euskal Eskola Publikoan, 15 ikastetxetan banatuta; Goieskola, zuzendarien elkartea, osasuntsu dago gaur egun, eta "erronka ugari" ditu, Lurdes Ugalde koordinatzailearen esanetan.

2000n sortu zen Goieskola, Debagoieneko Eskola Publikoen Zuzendarien Elkartea, bailarako ikastetxe publikoen arteko elkarlana sustatzeko helburuarekin, eta, oraingoz, hala izaten ari da. "Ikastetxeetako zuzendariak hilabetero biltzen dira, eta osatzen duten foro horrek garrantzi handia dauka. Balio du ikastetxeetako bizitza koordinatzeko, komunitatea indartzeko eta ikastetxeetan sortzen diren arazoei konponbidea bilatzeko", azaldu du Ugaldek.

Dagoeneko egonkortutako proiektu bat da, "aurrera" doana. "Geroz eta gauza gehiago egiten ari gara eta elkarte moduan sendotzen ari gara, aurrera goaz. Urtero egiten ditugun balorazioak positiboak izaten dira, bai zuzendaritzari dagokionez, baita kanpora begira ikastetxeek duten balioari erreparatuta ere. Elkarteak balio izan digu benetan sentitzeko oso gauza positiboak egiten ditugula, ikastetxe berritzaileak ditugula eta euskalduntze mailan lan izugarria egin dugula; eta egiten ari garela. Gainera, hasierako helburuak betetzeaz gain, geroz eta helburu gehiago ditugu, eta zuzendarien foroa beste foro batzuekin osatzen goaz", azaldu du koordinatzaileak.

'Partekatuz ikasi'

Hain zuzen ere, Partekatuz ikasi ekimena da beste foro horietako bat. Ugaldek azaldu duenez, "aurtengoa bosgarren ikasturtea da ekimena martxan jarri genuenetik. Ikastetxeetan egiten ditugun praktika onak partekatzea eta formakuntza bateratua eraikitzea da helburua".

Etorkizuneko erronkak

Etorkizunari begira Goieskolak hainbat erronka dituela aitortu du koordinatzaileak. Gizarte arloan, adibidez, Euskal Eskola Publikoaren proiektua gizarteari "zabaltzea eta ezagutaraztea" da erronketako bat. "Uste dugu eskola publikoa ez dela behar den moduan ezagutzen eta, oraindik ere, duela urte batzuetako aurreiritziekin jarraitzen duela gizarteak". Horrez gain, "benetako eskola inklusiboak" izatea gura dute, "ez eskola ghettorik, ez eta eskola bunkerrik ere".

Administrazioari dagokionez, murrizketak bukatzea eta ordezkapenak eta proiektuak aurrera eramateko baliabideak ziurtatzea izango du helburu aurrerantzean Goieskolak.

Ikasleei erreparatuta, haien gaitasunean oinarritutako hezkuntza bermatu, proiektu berritzaileak garatu eta esku artean dituzten proiektuak aurrera eraman gurako lituzkete –digitalizazioa, Ethazia, Hauspoa, zirkulazio librea Haur Hezkuntzan, eta abar–.

Ikastetxe mailan, azkenik, autonomia garatzea eta hezkuntza-proiektu propioak aurrera eraman ahal izatea da erronka nagusia, horretarako baliabideak bermatuta: "Irakaslariaren egonkortasuna eta inplikazioa eta zuzendaritza-talde egonkorrak".

Goieskola osatzen duten 15 ikastetxeak:

Angiozar (35 ikasle)

•Herri Eskola Txikia.

Antzuola (271 ikasle)

• Herri Eskola.

Aretxabaleta (705 ikasle)

• Kurtzebarri LH Herri Eskola. (430 ikasle)

• Kurtzebarri BHI. (275 ikasle)

Arrasate (1.766 ikasle)

• Arrasate Herri Eskola. (695 ikasle)

• Arrasate BHI. (576 ikasle)

• Arrasate HHI. (495 ikasle)

Aramaio (115 ikasle)

• San Martin Herri Eskola.

Bergara (1.347 ikasle)

• San Martin Agirre Herri Eskola. (473 ikasle)

• Ipintza BHI. (531 ikasle)

• Bergara HHI. (343 ikasle)

Elgeta (129 ikasle)

• Herri Eskola.

Eskoriatza/Gatzaga (150 ikasle)

• Luis Ezeiza Herri Eskola.

Oñati (616 ikasle)

• Errekalde Herri Eskola. (375 ikasle)

• Zuazola-Larraña BHI. (241 ikasle)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak