Txokolate dastatzea egingo du Harreman dendak Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunean

Mirari Altube Arrese 2018ko urr. 12a, 14:00

Urriaren 17an, eguaztena, da Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta hori gogoan, txokolate dastatzea antolatu du Arrasateko Harreman dendak, "gai horren atzean dagoen alde iluna mahai gianean jartzeko". Goizean (10:00-13:00) eta arratsaldean (17:00-20:00) izango dira bertan, Eroskiko sarreran.

Hona hemen Harreman dendako kideek adierazi dutena osorik:

"Arrasatek, Bidezko Merkataritzaren Aldeko Hiria ziurtagiria lortu zuen, programaren irizpideak betetzen zituelako. Bidea egiten jarraitu nahi dugu, helburu berdinarekin; herritarrei Bidezko Merkataritzaren ikuspegia eta bere kontsumoaren beharra helaraztea.

Aurten, pobreziaren eguna, urriak17, hartuko da hizpide, aldarrikapena egiteko. Helburua argia izango da; ahalik eta kontsumitzaile gehienera helaraztea bidali nahi dugun mezua. Horregatik, Harreman dendaren kanpoaldean egingo da aktibitatea, Arrasateko Hiper Eroskiren sarreran. Goizez eta arratsaldez izango gara bertan, gure dendaren ordutegian (10:00-13:00 eta 17:00-20:00). 

Txokolate kata bat eginez, produktu honen atzetik dagoen alde iluna mahai gainean jarri nahi dugu. Batez ere, Afrikako eta espresuki Costa de Marfileko kakao plantazioetan ematen den haurren lan-esplotazioa. Esklabotza salatu nahi dugu. Gaur egun ere esklabotza borborrean dago, guk ez ikusi arren, urruti gelditzen zaigulako ala deseroso sentiarazten gaituelako. Begiak ireki nahi ditugu eta honen alternatiba izan liratekeenak erakutsi.

Nazio Batuek Tulane-ko Unibertsitateari eskatutako ikerketa baten datuen arabera Costa de Marfileko Kakao plantazioetan 5 eta 17 urte bitarteko 1.150.000 haur daude lan-esplotazio egoeran, 2008an baino %46 gehiago. Arazo hau azaleratu zenean, txokolate sektorea kontrolatzen duten korporazio handiek 2001ean Harkin-Engel Protokoloa sinatu zuten Estatu Batuetan. Non konpromisoa hartzen zuten kakao plantazioetako haurren lan-esplotazioarekin bukatzeko. Gaur egun epeak pasa dira eta egoerak, hobera joan beharrean, okerrera egin du.

Arazo hau ikusarazi eta salatu nahi dugu. Guzti honek gure gizartearekin zerikusi zuzena duela pentsatzen dugulako. Kontsumo ereduak aldatzen baldin baditugu, langileak lan baldintza duin batzuk izatera pasako direlako. Kontsumitzaile garen heinean guk agintzen dugu erosten dugun produktutan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak