"Karmele ipuinekin, antzerkiarekin... hasi zen, baina, ondoren, poesiara jo zuen eta izugarrizko eboluzioa izan zuen", azaldu du Idazle Eskolako zuzendari den eta Igartuaren lagun min zen Tere Irastorzak. Zortzigarren Karmele Igartua beka izango da aurtengoa, aurrez Bergarako idazle eskolaren beka zena –15. edizioa–.
Azkeneko hiru urteetan, Aretxabaletako Udalak lagundu du sariketan diruarekin. Nabarmendu behar da lehen edizio hartako irabazlea Karmele Igartua bera izan zela, Gaur arte narrazioarekin.
Urriaren 30era arte
Iazko generoa gidoia izan zen eta aurrez haurrendako ipuinak landu zituzten. "Iaz, esaterako, 20 bat lagun aurkeztu ziren sorkuntza bekara. Uste dugu aurten ere jendea animatuko dela", dio Irastorzak. Interesatuek hilabete amaierara arte izango dute lanak aurkezteko: urriaren 30a izango da azkeneko eguna. Sorkuntza bekan parte har dezake 16 urtetik gorako edozein pertsonak.
Aurkeztuko diren poesiak euskaraz idatzitakoak izango dira. Horrez gain, lanek originalak izan beharko dute, eta argitaratu gabeak. Ez dute itzulpenik onartuko.Lanak ez du 500 lerro baino gutxiagoko luzera izango eta aurpegi bakarrean idatzita egongo da, New Courier 12 hizkian. Poesiaren gaia librea izango da.
Nola aurkeztu lanak
Lanak posta elektronikoz edo posta arruntez bidal daitezke. Posta arrunta aukeratzen duenak Aretxabaletako Otalora kaleko lehenengo zenbakira bidali beharko du gutuna; eta posta elektronikoz bidali gura duenak kultura@aretxabaleta.eus helbidera idatzi beharko du. Aretxabaletako udaletxean bertan ere aurkez daitezke lanak, jendaurreko ordutegian.
Igartuaren lanak, sarean
Irastorzak azaldu du Karmele Igartuaren lanak Idazten.com atarian daudela ikusgai. "Lan asko irakur daitezke atarian: poemak, antzerkiak, idatzi artikuluak... Nabarmendu behar da 28.000 irakurketa dituztela Karmeleren lan batzuek", azaldu du Irastorzak.
Poesian eboluzio izugarria izan zuen Igartuak. Urte gutxian hiru poema liburu argitaratu zituen. "Puntako poeta zen, argia, sakona...", azaldu du Irastorzak". Hitzak orbainetan izan zen lehen liburua –Euskaltzaindiaren Felipe Arrese Beitia saria irabazi zuen–; Denbora enaren hegaletan argitaratu zuen ondoren –Pamiela– eta Itsaso Kontra bat azkenik –Pamiela–. Azken lan hori Espainiako Sari Nazionalerako euskarazko hautagaia izan zen.