Azkueren 'Ardi galdua', batuaren aitzindari

Miren Arregi Amasorrain 2018ko urr. 11a, 12:00

Euskaltzaindiaren sortzaile izan zen Resurreccion Maria Azkuek duela 100 urte idatzitako eleberriaren edizio berria argitaratuko du Euskaltzaindiak mendeurrenenean. 1918an idatzitako kontakizuna da, euskara estandarizatu baten lehen proposamena

1968a jotzen da euskara batuaren sorreratzat, baina esan behar da euskara estandarizatu baten aldeko ahaleginak askoz lehenagokoak direla. "XIX. mendearen bukaeran hasi ziren ahaleginak, eta 1901ean, Baionan, ortografia batzeko bilkura bat egin zen. Ez ziren bat etorri, besteak beste, Sabino Aranak r ttanttoduna nahitaezko zuelako, eta hori ez zuen onartzen Resurreccion Maria Azkuek", dio Antzuolako euskaltzain oso Ana Toledok. 

'Ardi galdua' aurrekari

Hain zuzen ere, Resurreccion Maria Azkue Euskaltzaindiaren sortzaile nagusia eta haren lehenbiziko lehendakaria izan zen. Akademiaren sorreraren mendeurrenean, hizkuntzalariak euskara batuaren alde egindako lana gogoan izango dute. Hala, Azkuek 1918an argitaratutako Ardi galdua eleberriaren edizio berria kaleratuko dute. "Hori da euskara batuaren lehen proposamena", dio Toledok. "Edizio berria berezia izango da; ezkerreko orrialdean ipiniko dugu faksimilea; hots, 1918an argitaratu zen bezala, berdin-berdin. Eskuinean, euskara batua jarraituz idatziko dugu testu berbera. Hor argi eta garbi ikusiko da aldea ez dela hain handia".

Gipuzkera osotua

Resurreccion Maria Azkuek ez zuen arau eta gomendioetara jo 1918an euskara estandarizatuaren lehen proposamena egin zuenean: "Hori beharrean, gutun eleberri bat egin zuen". Lekeition jaioa izan arren, gipuzkera osotua proposatu zuen euskara estandarizatu bezala. "Gipuzkera osotuak esan gura du oinarrian gipuzkera dagoela, gainontzeko euskalkietatik ekarriak eginaz". 

Ardi galdua 13 gutunek osatzen dute. "Eleberriak, gipuzkera osotuaren bihotz bezala, Leaburu hartzen du, Beterriko herri txiki bat. Gutun-egileak Azpeitiko apaiz bat, Donostiako kazetari bat, Lasarteko mojen kapilaua, eta abar dira, baita Arantzazuko bi frantziskotar ere; azken finean, Gipuzkoako toki desberdinetan bizi diren pertsonaiak. Horiek, gipuzkoarrak izan arren, ez dute gipuzkera baliatzen, baizik eta beste euskalki batzuetako berbak erabiltzen dituzte. Leaburuko beste bi pertsonaiek ordezkatzen dute gipuzkera osotua". 

Arantzazu, euskararen Jerusalem

Azkueren lehen proposamen hartatik 50 urtera ipini ziren Arantzazun oinarriak. "Azkue 1951n hil zen, eta, beraz, ez zuen hori ezagutu. Hala ere, Ardi galdua eleberriko azken gutunaren azken hitzak honako hauek dira: Arantzazu da gure Jerusalem. Hori idatzi zuenak asmatu egin zuen etorkizuna, Arantzazun ipini baitziren euskara batzeko ortografiaren arauak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak