Euskara Batuaren Adierazpena sinatu dute 36 erakundek, duela 50 urte euskara batua sortu zen toki berean

Miren Arregi Amasorrain 2018ko urr. 6a, 19:20

Bukatu da euskara batuaren oinarriak finkatu zituzteneko 1968ko Arantzazuko Biltzarraren 50. urteurrenean, Euskaltzaindiak egin duen XVII. Biltzarra. Hiru egunez, euskara batuaren indarguneez, ahuleziez eta erronkez jardun dute euskalgintzako hamaika arlotan lanean diharduten profesionalek. Gaur, euskara batuaren etorkizuneko bide-orriaz aritu da euskaltzainburu Andres Urrutia. Gainera, Euskara Batuaren Adierazpena aurkeztu du Joan Mari Torrealdai euskaltzain emerituak. 36 eragile publiko zein pribatuk berretsi dute hori.

Euskaltzaindiaren mendeurreneko ekitaldien testuinguruan kokatuta dago eguenean hasi eta gaur arte, Arantzazun egin duten Euskaltzaindiaren XVII. Biltzarra. Nazioarteko jardunaldia izan da, 'Arantzazutik Mundu Zabalera (1968-2018)' izenpean egin dena.

Euskaltzaindia eta Arantzazu

Euskaltzaindiaren eta Debagoienaren arteko lotura ez da duela gutxikoa. Euskaltzaindia bera, Oñatiko 1918 Eusko Ikaskuntzaren biltzarrean jarri zen abian. Gero, 1956an, hainbat eta hainbat urtez ihesaldian eta zokoraturik egon ondoren, bere lehen agerraldia egin zuen Akademiak, Arantzazun bertan. Azkenik, ezin da ahaztu 1968ko Biltzar hura, egunotan burutu den biltzarraren arrazoi nagusia.

Errekonozimendua eta aurrera begirakoa

Hainbat izan dira Euskaltzaindiaren egunotako biltzarrak bere egin dituen helburuak. Batetik, euskara batuaren ibilbidean lan egin dutenen lana onartzea eta balioan jartzea zen asmoa eta bestetik datozen urteetara begirako bide-orria onartzea. Biltzarra, gainera, aurrerantzean zer egin behar den hausnartzeko baliatu dute.

Euskalgintzarekin

Hala, egunotan egin diren hitzaldietan, hezkuntza arloko profesionalek, komunikabideetakoek, itzulpengintzan zein literaturan, administrazioan... ari direnek hartu dute parte. Bakoitzak beretik, euskara batuak aurrean dituen erronkak eta zailtasunak mahai-gaineratu dituzte.

Bi argitalpen berri

Bestetik, bi "harribitxi" aurkezteko ere baliatu dute kongresua. Atzo, egubakoitza, Euskara Batuaren Eskuliburua eta Euskaltzaindiaren webgune eraberritua aurkeztu zituzten.

Euskara Batuaren Eskuliburuak, arau eta gomendioak era didaktikoak aurkeztuta ekarri ditu. Alor askotatik bildutako informazioa ageri da eskuliburuan: lexikoa, kalkoak, ahoskera...

Webguneari dagokionez, atzo aurkeztu zuten horrek, estetika argiagoa eta modernoagoa du, nabigazioa errazteko helburuarekin.

Euskara Batuaren Adierazpena

Gaur, berriz, euskara batuaren gaineko hamar puntuko agiria aurkeztu du kazetari eta euskaltzain emeritu Joan Mari Torrealdaik. Bertan, batuaren garrantzia nabarmentzeaz gain, hura sortzen aritu zirenak errekonozitzen dira. Baionan 1964an egindako lana propio aipatu dute.

Bestetik, adierazpenean, kezka azaldu dute, hizkuntza estandarrari buruz nabarmendu den zenbait iritzi eta jokamolde direla-eta. Gainera, batuak euskarari eta euskaldunei egindako ekarpena nabarmendu dute: "Euskaldun oso izateko modua ekarri digu batuak".

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak