Egindako bidea berreraikitzen

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko urr. 5a, 18:07

Egibar, Olano, Urrutia, Zupiria, Biain eta Agirrebaltzategi, kongresuaren hasiera-ekitaldian. Argazkia: Euskaltzaindia.

Euskara batuaren iragana, oraina eta etorkizuna aztertzen ari dira Euskaltzaindia, askotariko eragileekin, egiten ari den Arantzazutik mundu zabalera (1968-2018) kongresuan. Bihar, zapatua, euskara batuaren adierazpena aurkeztu eta sinatuko dute.

Euskaltzaindia mendeurrena ospatzen ari da. "Euskararekin, euskal kulturarekin eta euskal gizarte osoarekin duen konpromisoa berritzeko" baliatu gura du akademiak mendeurrena; horregatik, "guztiekin" ospatu gura dute urteurrena.

Helburu horrekin, bederatzi jardunaldi antolatu dituzte: Baionan egin zuten, irailean, lehenengoa. Ipar Euskal Herriak euskararen batasunari egin dion ekarpena aztertu zuten han, eta atzo, eguena, hasi zuten bigarrena; bihar, zapatua, bitartean egingo duten Arantzazutik mundu zabalera (1968-2018) izenekoa. Hain justu, Euskara Batuaren mugarri nagusietako bat izan zen Arantzazuko Biltzarra egin zela 50 urte bete diren honetan.

Datorren urtean egingo dituzte gainontzeko jardunaldiak: urtarrilean, hizkuntza eskubideena, Iruñean; otsailean, ahoskerari buruzkoa, Gasteizen; martxoan, dialektologiarena, Bilbon; maiatzean, literatura gaiak landuko dituzte, Bilbon; ekainean, berriz, onomastika jardunaldiak egingo dituzte, Gasteizen; gramatikari buruzkoak, Donostian, uztailean; eta irailean egingo dute azken kongresua, teknologia berriak eta euskara gaitzat hartuko dituena, Donostian.

Orain dela 50 urte

Aurretik hainbat ekarpen izan baziren ere, 1968ko Biltzarrean euskara batuaren oinarri nagusiak ezarri zituzten. "Egunotako Biltzar honen bidez, ordutik euskara batuak egin duen bidea azaldu, egungoaz gogoeta egin, eta eginkizun dagoena" zehaztu nahi direla dio Euskaltzaindiko Komunikazio arduradun Iñaki Mendizabalek.

Garai hartan Euskal Herritik kanpo zeuden Paulo Agirrebaltzategi frantziskotarrak eta Jerardo Elortza filologo eta historialari oñatiarrak, hala ere, gertutik jarraitu zuten Biltzarra. "Egoera gogorra zen, salbuespen egoera zegoen ezarrita", dio garai hartan Erroman Teologia ikasten zegoen Agirrebaltzategik, eta zera gaineratu du: "Aurretik idazleek eta bestelako eragileek landu eta proposatutakoak ofizializatu ziren Bitzar hartan. Hala ere, Jakin aldizkariaren aldetik erabakia hartuta zegoen askoz lehenagotik, aipatutako bilera haietan erabakitakoak onartzeko eta aplikatzeko aldizkarian".

Elortzak kontatu du Biltzarraren nondik norakoak Alemaniatik jarraitu zituela: "Handik bueltatzeko nahiko gorabehera izan nituen, salbuespen egoeraren eraginez; hala ere, Biltzarrean egun baten egoteko aukera izan nuen. Batasunaren prozesuaren aurrerapausoak gertutik jarraitu nituen, Bilbon ari nintzen ikasten eta harremana nuen Villasante, Aresti eta beste kide batzuekin. 1978an, Bergarako UNEDen egin zen hurrengo Biltzarra, eta ordurako lanean ari nintzen han".

Orain artekoa balioztatzeko

Arantzazu euskararentzako erreferentziala da, eta horren erakusle da egunero 150 pertsona batuko direla kongresuan. "Teknikariak, itzultzaileak, kazetariak eta euskalgintzako jendea da, gehienbat. Hizlarien artean askotarikoak daude; izan ere, akademia batek bakarrik ezin du euskararen pisua eraman, eta, ezinezkoa izateaz gainera, ez da komeni. Euskal eragileekin elkarlanean ari gara aspaldian, eta horrela jarraituko dugu. Gizartearen alor guztietara heldu nahi dugu, eta horren adibide dira Arantzazun aurkeztu ditugun Euskara batuaren eskuliburua eta erakundearen webgune berria", dio Mendizabalek, eta zera gaineratu du Miriam Urkia euskaltzain oso aretxabaletarrak: "Eragin handia izan dute sare sozialek, informazio asko zabaltzen da horien bitartez. Espero dut Euskaltzaindia apur bat gaztetzen eta gehiago ikusarazten joatea hemendik aurrera".

Debagoieneko euskaltzainak

Hiru euskaltzain oso daude ibarrean: Ana Toledo antzuolarra, Patxi Uribarren aramaioarra eta Miriam Urkia aretxabaletarra. Euskal Filologian doktorea da Ana Toledo, Deustuko Unibertsitateko irakaslea da eta 2005ean izendatu zuten euskaltzain oso. Uribarren karmeldarra Teologian eta Filosofia eta Letretan lizentziaduna da eta 2008an izendatu zuten euskaltzain oso. Miriam Urkia Euskal Filologian doktorea eta UZEIko lexikografia saileko zuzendaria da titulu horrekin berriena: aurtengo otsailean izendatu zuten euskaltzain oso. Hala ere, urteak daroa erakundearekin lanean. Aipatutakoez gainera, Sabin Salaberri musikari eta konpositore aramaioarra eta Pello Zabala frantziskotarra ere Euskaltzaindiko kide dira. Aurtengo apirilaren 27an ohorezko euskaltzain izendatu zituzten.

Osagarriak ala aurkariak?

Mendizabalen esanetan, "Euskaltzaindia ez dago euskalkien aurka, baina bakoitzak bere tokia behar du", eta zera gaineratu du Urkiak: "Duda barik, osagarriak dira. Gauza formaletarako edo komunikabide nazionaletan, adibidez, euskara batua zaindu behar dela uste dut; betiere, baina, euskalkiak edo tokiko esamoldeak aintzat hartuta". Jerardo Elortzaren iritziz: "Euskara batua gipuzkoarregia da. Lan asko egin da, baina badago oraindik egiteko". Eta horrela borobildu du Paulo Agirrebaltzategik: "Euskalkia oso inportantea da, nire ustez: euskara elikatzen du".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak