Martin Perez: "Kirolari esker bizkarrak ez du okerrera egin"

Xabier Urtzelai 2018ko urr. 2a, 09:58

Martin Perez eskoriatzarrak Europako Txapelketan brontzezko domina jantzi berri du Espainiako Selekzioarekin. Ligan, berriz, maila gorenean jarduten du Gasteizko Zuzenak taldearekin; kategoria horretan profesionalak dira gehienak. Argazkiak: RFEB. 

Espainiako Gurpil Aulkiko Saskibaloiko (BSR) Ohorezko Mailan jokatzen du Martin Perezek (Eskoriatza, 1997), eta, hain zuzen, Fundacion Vital Zuzenak taldearekin egindako lan onak ireki dizkio Espainiako Selekzioko ateak: "Orain arte, deialdietatik kanpo geratu izan naiz, nahiz eta gutxigatik izan, baina aurten zortea izan dut, eta, gainera, Europako Txapelketan jokatzeko izan da". 

Hain justu, Espainiaren multzoan Italia, Israel eta Britainia Handia zeuden: "Italiaren eta Israelen kontra irabazi egin genuen, baina britainiarren kontra galdu; hala, multzoko bigarren geratu ginenez, Alemaniaren kontra jokatu genuen finalerdia, eurak izan ziren-eta euren multzoko lehenak. Bada, Alemaniaren kontra galduta finaletik kanpo geratu ginen, baina azken partidua geratzen zitzaigun, hirugarren postuagatik borrokatzeko aukera ematen ziguna. Hor ostera ere britainiarrekin egin genuen topo, hain zuzen, ligaxkan galdu egin genuen taldearen kontra, eta ezusteko polita eman genuen, norgehiagoka hori irabazi egin genuelako eta, horrela, brontzezko domina irabazi". 

Lehena, eta azkena? 

Selekzioarekin izandako lehen parte-hartzeari zukua atera dio eskoriatzarrak: "Eta, seguruenik, azken parte-hartzea izango da Espainiarekin, adinez ezingo dudalako 22 urtez azpikoekin gehiago jokatu eta maila absolutuko taldean oso maila handia dagoelako. Baina oso pozik geratu naiz lortutakoarekin; izan ere, azkeneko hamar urteotan selekzioak ez du horrelako kirol lorpenik egin, ez dute dominarik irabazi, eta gu hirugarren sailkatu gara". 

Taldekideez inguratuta 

Selekzioko ordezkariekin batera Perezek ondo prestatu ahal izan du Europako Txapelketa: "Normalean, selekzioak oso kontzentrazio gutxi egiten ditu, baina txapelketa hau prestatzeko hainbat egin ditugu, eta horrek lagundu du gure artean hobeto ezagutzeko eta taldean oso giro ona izateko. Dena dela, selekzioko bost jokalari Fundacion Vital Zuzenak taldeko ordezkariak ginen, eta seigarren jokalari euskaldun bat ere taldean izan dugu; horrenbestez, selekzio erdi jokalari euskaldunek osatu dugu". 

Ligan pentsatzen hasita 

Selekzioarekin egindako lorpena alde batera utzita, orain, Ohorezko Mailan –Estatuko lehena– buru-belarri jartzea dagokie: "Hamar taldek osatzen dugu Ohorezko Maila, eta Zuzenak taldearen helburua kategoriari eustea da. Horretarako, nahiz eta gure filosofia harrobiko jokalariekin jokatzea den, aurten pare bat fitxaketa egingo ditugu taldeak kalitatearen ikuspuntutik aurrerapauso bat eman dezan". Horren harira, Madrilgo, Albaceteko, Vigoko eta Bilboko taldeak dira kategoriako indartsuenak: "Eta Badajozko taldea ere aurrean ibiliko da aurten. Hainbat jokalari fitxatu dituzte, eta maila onekoak, gainera".

Horrela, fitxaketa horien baldintzen gainean galdetuta, Perezek garbi dio Espainiako Ohorezko Mailan jokalari gehienak profesionalak direla: "Nahiz eta, zoritxarrez, ez den gure kasua", dio barrez. "Baina baliteke zentzu horretan aurten aurrerapauso bat ematea, txikia ez bada ere". 

Kirola, oso lagungarri 

Saskibaloiak Martin Perezen egunerokoan duen garrantziaz galdetuta, eskoriatzarrak garbi dauka erantzuna: "Oso garrantzitsua da. Duela zazpi urte hasi nintzen gurpil aulkiko saskibaloian. Orduko heziketa fisikoko irakasleak ondoren izan nuen entrenatzailea ezagutzen zuen, eta eurek animatuta hasi nintzen saskibaloian. Bizkarrezur bifidoaz jaio nintzelako nago gurpil aulkian, eta bizkarrezurra nahiko desbideratuta daukat. Bada, medikuek ebakuntza beharko nuela esaten zidaten, baina saskibaloiari esker ebakuntza hori atzeratu egin ahal izan dut. Astero joaten naiz fisioterapeutarengana, eta, hark esanda, bizkarrezurra ez daukat lehen baino zuzenago, baina ez dut okerrera egin. Hala, saskibaloiak bizkarreko arazoak moteldu egin dizkit. Gainera, saskibaloian hasi nintzenean heziketa fisikoko irakasleak esaten zidan geroago eta hobeto ikusten ninduela, eta ez arlo fisikoan bakarrik. Uste dut arlo akademikoan ere lagungarria izan zela saskibaloian jokatzen hastea". 

Kirol ezezaguna

Perezek aitortzen du gurpil aulkiko saskibaloiak zerikusi gutxi duela ezagutzen dugun saskibaloiarekin: "Jokalari bakoitzak duen desgaitasunaren arabera puntuazio bat izaten du –1etik 4,5era; mugikortasun arazo gutxien dutenek 4,5eko puntuazioa dute–, eta, kantxan dauden bost taldekideen arteko puntuazioa batuta, taldearen gehienezko puntuazioak 14,5ekoa izan behar du. Horrenbestez, kantxan jokalariak aldatzeko orduan oso kontuan izan behar du hori entrenatzaileak. Gero, taktikoki ere alde handia dago, gure saskibaloian joko antolatzailea badagoelako, baina hegalekorik ez... Eta, noski, araudiari dagokionez beste gauza askotan bat egiten dute bi kirol modalitateek; esaterako, guk ere pausoak egin ditzakegu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak