"Nazioartera zabaldu da Arteman enpresekin batera"

Eneko Azkarate Laspiur 2018ko urr. 2a, 09:30
Artemanen egoitzan, Aretxabaletan, urteurrenerako propio sortutako kamisetarekin.

15 urte bete ditu Goienak sortutako Arteman komunikazio agentziak. Eguaztenean egin zuen ospakizun ekitaldia Aretxabaletan, MUren  campusean.

Nola ospatu duzue?
Bezero, hornitzaile, kolaboratzaile eta lagunekin  ospatu genuen lankideok. Artemaneroak jarri diogu leloa ospakizunari eta kamiseta bereziak atera ditugu. Talde-lana da Artemanen indarra eta hori nabarmendu nahi izan dugu. Ondo joan zen ekitaldia; xumea, baina, era berean, ustekabez betea eta magikoa guretzako. 15 urte hauen errepasoa egin genuen, mugarrien bidez.

Gaur egungo komunikazioaren iraultzan murgilduta gaudelarik, zerk bereizten zaituztete?
Sorreratik gara euskarazko komunikazio agentzia bat, nahiz eta gaztelaniaz ere lan  egiten dugun. Bestetik, komunikazioa modu integralean lantzen dugu: ez bakarrik diseinu grafikoa edo ikus entzunezkoak. Estrategia osoa lantzen dugu. Komunikazioaren artisauak da gure leloa. Gauzak modu zainduan egiten saiatzen gara. Eta kooperatiba gara.

Asko aldatu da Arteman 15 urte hauetan?
Goienako lau lagun hasi ginen eta, une honetan, 15 lagun  gara. Bereziki, diseinu grafikoan eta tokiko hedabideentzako publizitatearen kudeaketa  lanekin hasi ginen. Gaur egun, alor asko lantzen  ditugu. Ikus-entzunezkoak bai, baina baita estrategia, diseinua, ekitaldien antolaketa, webgintza...

Zerbaitekin bazaudete bereziki harro?
Pertsona askoren garapenerako proiektua izan  da. Ikasle asko ere pasa dira bertatik... eta 15 lankide proiektu baten bueltan aritzea ere pozteko modukoa da. Bestetik, hasierako esentziari eusten diogu: gizartearekiko eta euskararekiko konpromisoa. Azkenik, Arteman Debagoienetik harago zabaldu da.

Zein alorretan dituzue bezero nagusiak?
Enpresekin lan asko egiten dugu eta horrek eman digu aukera nazioartera zabaltzeko. Gero, euskararen alorrean, baita kirol, hezkuntza eta erakunde publikoen esparruan ere.

Zelan irudikatzen duzu 15 urte barru Arteman?
Etorkizuna konplikatua izango denez, pertsona irmo, gaitu eta prestuekin inguratuta egotea nahiko genuke, erronka zailei aurre egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak