Isaki Lacuestak bere bigarren maskorra lortu du

Imanol Gallego 2018ko ira. 29a, 22:10

Isaki Lacuesta saria eskertzen.

Kiniela gutxitan egon arren, Entre dos aguas filmak eman dio bigarren Urrezko Maskorra Isaki Lacuestari. Rojo filmaren taldeak ere pozik egoteko hiru arrazoi ditu du, zuzendari onena, argazkilaritza onena eta gizonezko aktore onenaren sariak eskuratu baititu.

Isaki Lacuesta Entre dos aguas baino, bi Urrezko Maskorren artean dago. Lehena 2011. urtean lortu zuen Los pasos dobles filmarekin, baina dudarik gabe bigarren maskor hau berezia da. Kataluniako zuzendariaren talentu eta ibilbidea saritzeaz gain, sari honek duela 12 urte hasitako proiektua borobiltzen du. Horrez gain, bigarren maskor hau epaimahai ofizialeko kide guztien adostasunarekin lortu du Lacuestak, eta 2011ean gertatu ez zen bezala, prentsak, txalo artean hartu du epaimahaiaren erabakia.

Bigarren maskor hau berezia da Donostiara duela hamabi urte La leyenda del tiempo pelikulan hasitako istorioari jarraipena eman dio. Film honetan ere Isra eta Cheito izango dira protagonista nagusiak. Azken urteetan anaia nagusienak bere bizitzaren kontrola berreskuratu arren, gazteak kartzelan eman ditu urte horiek. Presondegitik irten bezain pronto, Israri zaila egingo zaio bizitza arruntera bueltatzea eta horrek bi anaien arteko harremana hoztuko du. 

Apenas gidoi gabe eta amateurrak diren aktoreei argibide gutxi batzuk emanaz sortu du Lacuestak Entre dos aguas. Zuzendariak lantalde osoari eskaini dio maskorra eta Kursaalean zeudenei oholtzara igotzeko deia egin die. Filmean bezala, bi aktoreek protagonismoa eduki dute hitzaldian.

Eskertzez gain, Kursaalean ozen entzun dira sarituen aldarrikapenak. Dudarik gabe gaueko hitz gogoratuenak Paul Laverty gidoilariarenak izango dira. Laverty Kubak pairatzen duen blokeoaz mintzatu da. Eskoziakoak "harroputztzat" jo ditu Estatu Batuak eta Israel eta blokeoaren "irabazle bakarrak" izatea egotzi die.

Palmares ofiziala

  • Film onenaren Urrezko Maskorra: Entre dos aguas (Isaki Lacuesta).
  • Epaimahaiaren Sari Berezia: Alpha, The Right To Kill (Brillante Mendoza).
  • Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra: Benjamin Naishtat, Rojo.
  • Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra: Pia Tjelta, Blind Spot.
  • Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra: Dario Grandinetti, Rojo.
  • Argazki onenaren epaimahaiaren saria: Pedro Sotero, Rojo.
  • Gidoi onenaren epaimahaiaren saria: Louis Garrel / Jean-Claude Carrière, L'Homme fidele eta Paul Laverty Yuli.

Debagoiena presente

Txintxua films ekoiztetxearen Oreina filmak lortu du Euskal Zinemaren Irizar Saria. Koldo Almandoz zuzendariak Kursaalean gogoratu duen bezala filma taldelan bat izan da, "zuzendariak iparhorratz bat izan behar du, baina meritua talde guztiak dauka". Almandozen lehen film luzea den Oreina bihartik aurrera egongo da zinema aretoetan.

Gainontzeko sariak

  • Kutxabank-New Directors Saria: Boku wa Iesu-sama ga kirai / Jesus (Hiroshi Okuyama)
    • Aipamen berezia: Viaje al cuarto de una madre (Celia Rico)
  • Horizontes Latinos saria: Familia sumergida (Maria Alché)
    • Aipamen berezia: El motoarrebatador (Agustín Toscano)
  • Zabaltegi-Tabakalera saria: Song for the jungle (Jean-Gabriel Périot)

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak