Olaia Arrese: "Argi dugu nerabeek kontsumitu egiten dutela; garrantzitsuena da jakitea zergatik kontsumizen duten"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko ira. 28a, 10:07
Argazkia: Mirari Altube.

Aretxabaletan eta Eskoriatzan 13-16 urte bitarteko gazteei drogen kontsumoaren gainean egindako inkesten emaitzak azaldu dituzte asteon. 326 ikaslek bete dituzte inkestak; horietatik 104k marihuana kontsumitzen dutela aitortu dute. Proiektua San Juan de Dios ospitaleak eta UDAk elkarlanean egin dute; hiru urteko proiektua izango da.

UDArekin elkarlanean hasi duzue proiektua. Zerk bultzatuta?
Urte batzuk badira Ospitalea ezagutu proiektua duguna. Helburua da gazteekin prebentzioa egitea; UDAk horrelako zerbait egin gura zuen eta gurekin harremanetan jarri ziren. Esan genien prebentzioa egiteko, hiru urteko proiektu bat egitea zela eraginkorrena. Lanean hasi aurretik datuak jasotzen ditugu; prebentzioa egin gura baldin bada, datuak jaso behar dira lehenengo.

Eta Aretxabaletako eta Eskoriatzako gazteen artean inkesta batzuk egin dituzue.
Bai; datu batzuk jaso ditugu. Ez dugu neurtu bakarrik zenbat kontsumitzen duten; neurtu dugu baita arriskuari buruz duten pertzepzioa, erabakiak hartzeko gaitasuna, autoestimua, asertibitatea eta taldearen presioa. Guk oso argi dugu nerabeek kontsumitu egiten dutela; guretzako, garrantzitsuena da jakitea zergatik kontsumitzen duten. Hori landuz gero, kontsumoa jaitsi egingo da.

Nolako datuak jaso dituzue?
Datuak zatarrak dira. Emaitzaren arabera, 13 eta 16 urte bitarteko biztanleriaren %32k marihuana kontsumitzen du. Egia da horietako askok oso gutxi kontsumitzen dutela –hilean 1-5 porro bitartean–. Ez da oraingo arazoa. Aspalditik datorren arazoa da. Emaitza hori zerora ez dugu jaitsiko, baina alde positiboa ikusiko diogu. Zer da positiboa? Kontsumitzen dutenen artean %50ek, behintzat, hilean 1 eta 5 porro bitartean kontsumitzen dute. Horiekin lan egin behar da. Lortzen badugu horiek jaistea, beste guztiak ere jaitsiko dira.

Leintz bailaran egindako inkesta da; gainerako bailarekin alderatuta, kopurua gainetik dago?
Ez, datuak berdinak dira hemen, Elgoibarren eta Donostian.

Datuek erakusten dute marihuanaren kontsumoa normalizatuta dagoela?
Kontua ez da gazteek normaltzat ikusten dutela; kontua da gizartean normalizatuta dagoela, eta, ondorioz, DBHko ikasleek ez dutela arazo moduan ikusten. Porro bat probatzea ez da arazoa nerabeendako. Gizarteak normaltzat du hori, eta, ondorioz, 13 urterekin ez dute inongo arriskurik ikusten. DBHko 2. mailan 5 porro baino gutxiago erretzen dutenak asko diren moduan; urteak aurrera egin ahala, datu hori jaitsi egiten da eta 10 baino gehiago kontsumitzen duten tartera pasatzen dira.

Marihuanaren kontsumitzaile handi izatetik beste substantzia batzuk kontsumitzera pasatzen dira?
Speeda, kokaina, anfetamina... kontsumitzera pasatzen dira marihuanako kontsumitzaile handiak. Inkestetan bakarra zegoen kontsumitzaile txikia izatetik beste substantzia horiek kontsumitzera pasa zena. Lehen pausoa izaten da zigarroa; nahiz eta orain hori aldatu egin den eta baporizadoreak diren lehenengoak. Zigarroa, alkohola eta marihuana izaten dira pausoak.

Nabarmendu gura duzue normaltasunaren aurrean badagoela eragina eta kaltea.
Hori da normaltasunean pasatzen dena. Guk ikusten baldin badugu pertsona bat fisikoki gaizki dagoena, konturatu egiten gara; baina nola ikusten dugu burmuina gaizki dagoela? Hori ez dugu ikusten. Nerabe batek bere aita edo anaia ikusten baldin badu kontsumitzen, inoiz ez du pentsatuko marihuanak ondorioak dituenik. Hitzaldiak ematen ditugunean gure helburua ez da izaten marihuana txarra dela esatea; ez, guk datuak ematen ditugu. Burmuinen irudiak erakusten ditugu, zein ondorio dauzkan... datuak ematen ditugu. Guk datuak ematen dizkiegu gazteei, eta gero, nerabeek eurek erabaki dezatela zer egiten duten.

Gaixoak ere joaten dira hitzaldietara?
Gurekin beti etortzen dira gaixoak, oso garrantzitsuak dira. Nerabeak gaixoekin geratzen dira, euren esperientziarekin: gaixoek esaten diete: "Ni hor nengoen orain dela 10 urte, eta ikusi non nagoen orain". Garrantzitsua da eurek lehenengo eskutik ikustea ondorioak zeintzuk diren. Horregatik egin behar da gizarteko lana. Normalizazioak nahi du esan ez dagoela arazorik; eta bai, badago arazoa eta, gainera, ondorioak ditu.

Nola egin daiteke lan?
Guk badakigu DBHko 2. mailan kontsumitzaileak daudela. Horregatik jakin gura dugu aurretik zer dagoen. Eskatu dugu DBHko 1. eta LHko 6. mailetako ikasleek ere inkestak pasatzea ikusteko nondik datorren eta zelakoa den arazoa. Laguntza behar duen kontsumitzaileak laguntza eskatu beharko du. Zer pasatzen da orain kontsumitzen dutenekin? Horietan da zailena kontsumoa jaistea. Guk lan egin behar dugu atzetik datozenekin, prebentzio lana. Emaitzak ez ditugu orain ikusiko, ikusiko ditugu 3 edo 4 urte barru.

Proiektuaren lehenengo fasea eginda, zer egingo duzue orain?
Orain, gurasoen txanda da. Eurek ere inkesta pasa beharko dute, gurasoen profil bat egiteko. Hirugarren urtean, gizartera zabalduko dugu proiektua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak