Bi esperimentu desberdin

Imanol Gallego 2018ko ira. 27a, 23:31

Itsu-itsuan joan gara High Life ikustera, zientzia fikziozko film honek ez baitauka trailerrik. Claire Denis zuzendariaren lan honek Zinemaldia erdibitzea lortu du. Isaki Lacuestak esperimentatzea gogoko du, eta Entre dos aguas filma duela 12 urte estreinatutako La leyenda del tiempo borobiltzera dator. Eguneko bi film garrantzitsuenak baina, Perlak sailean ikusi ditugu.

Claire Denis zuzendariak espazio-ontzi batean isolatuta bizi diren Monte eta Willow alabaren istorioa ekarri du Sail Ofizialera. Denisek zuzentzeko ukitu berezia dauka, baina egia da, azken urteotan zinema errealistari lotua egon dela. Beste genero bat lantzeko asmoarekin sartu zen Denis High Life pelikulan, eta atzoko nahiz gaurko emanaldietan argi geratu da zuzendarien lanak ez duela inor hotz utzi.

Sinopsiari kasu egiten badiogu eguzkiaz harago dagoen espaziontzi baten gertaerek dute garrantzia baina filma hori baino gehiago da. High Life-en gizakien arteko harremanek dute pisua. Denis pertsonaien arteko desio, indarkeria eta barne bulkadetan zentratu da, eta pelikula borobil bezain gordina sortu du. Zapatura arte itxaron beharko dugu apustu hau garaile den edo ez jakiteko.

2011n Los pasos dobles filmarekin Urrezko Maskorra eskuratu eta gero, Isaki Lacuesta zuzendariak La leyenda del tiempo pelikulan hasitako istorioari jarraipena eman dio, horretarako Kataluniarra 2006an sortu zituen pertsonaiengana bueltatu da.

Isra eta Cehito Cadizen bizi diren bi anaia ijito dira. Urte hauetan nagusienak bere bizitzaren kontrola berreskuratu arren, gazteak kartzelan eman ditu azken 12 urteak. Laster konturatuko gara, Israk bere familia aurrera atera nahi duen arren, drogen salerosketa eta delinkuentziatik urruntzea asko kostako zaiola. 

Entre dos aguas ikusi eta gero, ezaguna zaigun istorio baten aurrean gaudela dirudi, eta okerragoa den zerbait, filma luzeegia da. Pertsonaiek ez dute progresiorik eta istorioak ez du aurrea egiten. Lacuestak zaila izango du 2011n lortutako arrakasta errepikatzea.

Bi perla distiratsuenak

Veneziako mostratik film ederrak ekarri ditu Jose Luis Rebordinosen taldeak. Alfonso Cuaronek, Urrezko lehoia irabazi ostean etorri da Zinemaldira. Etxeko langile baten bizitza irudikatu du Roma filmean, horretarako bere haurtzarora jo du inspirazio bila. 70eko Mexiko ezagutu eta maila desberdineko pertsonen arteko harremanak ulertzeko primerako filma da. Cuaronek maitasun osoz egindako lan bat da, izan ere Roma hitzari buelta ematen badiogu...

Venezian zuzendari onenaren saria lortu eta gero aurkeztu da The Sisters Brothers. Ez naiz indio eta bakero pelikulen jarraitzaile sutsua baina oraingo honetan pelikulak oso zapore ona laga dit. Badakit western bat dela baina Jacques Audiardek bi anaien arteko eromenezko lotura proban jarriko duen iniziazio-bidai zoragarri bat sortu du.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak