Sail Ofizial lasai eta tradicional espero zutenek 67. Zinemaldia iritsi arte itxaron beharko dute, aurtengoa nahiko zoroa izaten ari da-eta. Komediak toki txikia izaten badu lehiaketan, beldurrezko filmeen presentzia miraritzat hartu ohi da eta badirudi aurten mirariren bat gertatu dela Donostian.
Peter Strickland ez da erraz ahazten den zuzendari horietako bat. 2009. urtean arreta baino gehiago piztu zuen Errumanian filmatutako Katalin Varga filmarekin. Lehen lan horrekin gainera Berlinalen Zilarrezko Hartz bat lortu eta Europako Zinema Akademiak urteko aurkikuntzaren saria ere eskuratu zuen.
Beste bi pelikula egin ostean, bere laugarren lana In Fabric da. Lan honetan, soineko gorri bat da protagonista, berau janzten duena hiltzen duen soineko bat. Istorioa arraroa baldi bada, emaitza oraindik konplexuagoa da, arropa saltzaile beldurgarriak, maniki artegagarriak, erotzen diren garbigailuak… In Fabric-ek Donostia erdibitu du eta batzuek maisulantzat hartu duten beldurrezko film hau, besteek bromatzat jo dute. Egia da pelikulan denetik nahasten dea beldurra, umorea,fetitxismoa… eta horrek apur bat nahastu dezake ikuslea. Pelikula oso pertsonala da eta horrelako lanek saria lortzen dute maíz.
Proposamen bereziak ez dira hor bukatzen, Angelo XVII. mendean kokatzen den istorio bat da. Protagonista umetan Afrikatik eroandako bufoi/esklabo bat da. Abiapuntua erakargarria den arren, detaileetan zentratu eta funtsezko uneetan galdu da Marcus Schleinzer zuzendaria. Hori gutxi balitz filma hiru zatitan banatuta dago eta horrek ere ez dio mesederik egiten.
Zoritxarrez teknikoki ongi egina dagoen lan bat izan arren, bukaerarako interesa galtzen du eta aspegarria ere egiten da.
Lehiaketatik kanpo
Jose Luis Cuerda beteranoak surrealismoa ekarri du Zinemaldira. Lehiaketatik kanpo dagoen Tiempo despues filmean zinemagilearen etorkizun pertsonala ikus daiteke. Zuzendariak berezkoa duen umorea erabiliz eta etorkizun arraro baten atzean egungo errealitate sozial eta politikoari kritika azaleratzen da. Apustua interesgarria izan arren, ez da mundu guztiak kontsumitzeko produktu bat.