"Debarroko erlezainak batu eta eztiola sortu nahi dugu"

Eneko Azkarate Laspiur 2018ko ira. 22a, 11:30

Duela bost urte hasi zen Asier Martin bergararra erleekin, emazteak zuen baratzea zela-eta erleen garrantziaz jabetuta. Fraisoro eskolan erleen eta eztiaren gaineko ikastaroan izena eman, eta gaur arte. Debarroko erlezainen elkarte sortu berrian buru-belarri ari da.

Eskualdean erlezainen elkartea sortu berri duzue. Badu izenik?
Ofizialki, uztailean sortu genuen: Erleen Adiskideak, Erleen Hedapenaren Aldeko Elkartea. Inguruko erlezainak gugana gerturatu eta, aldi berean, gure zaletasuna herriari erakusten saiatuko gara.

Zergatik elkartea?
Dauzkagun datuen arabera, 70 erlezain inguru daude Deba ibar osoan. Bi, lau, hamar edo 100 erlauntzarekin. Berdin da, guztiak erlezainak. Helburua da inguruko erlezainendako eztiola bat sortzea, irabazi asmorik gabekoa. Hori lortzeko bidean, hainbat jarduera egingo ditugu: azoka, ikastaro, hitzaldi... Denok harreman zuzenagoa edukitzea nahiko genuke.

Sorrera batzarrerako dei egin duzue urriaren 27rako. Non izango da?
Elgetan. Landa Garapen Agentziak eta Debagoieneko Turismo Sailak urtean zehar bertako produktuak ezagutzera ematen dituzte azoka eta ekintza ezberdinen bitartez. Testuinguru horren barruan, urriaren 27an, Elgetan, Erle Eguna ospatuko dugu. Goizez azoka egingo da. Bertako ekoizleen eztiak dastatzeko aukera egongo da... Arratsalderako, esperientzia duen erlezain bat ekartzeko asmoa daukagu erle produktuei buruz jarduteko. Egun aproposa da elkartera gerturatu nahi duen jende orok Elgetako azokara bisita eginez informazioa eskatzeko.

Zer behar da erla onak edukitzeko?
Ez da erraza horri erantzutea. Faktore ugari daude erleak ondo egoteko, baina garrantzitsuena eguraldia da. Sasoian sasoiko eguraldia egiten badu, horrekin konformatzen gara. Hortik aurrera, badaude erleak gaizki egoteko edo erleak hiltzeko beste arrazoi batzuk ere: bere akaro barroa, pestizidak, liztor asiarra...

Eta ezti ona egiteko?
Erleak egin duen lana ahalik eta gutxien ukitzea da onena. Eztia behar den momentuan atera behar da, produktuaren hezetasuna ahalik eta urriena izan dadin. Era berean, eztia atera behar dugunean, ke hauspoa ahalik eta gutxien erabiltzea garrantzitsua da, eztiak ke usainik ez dezan hartu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak