Patricia Barcena: "Istorio gogorrak bizi izan dituzten pertsonak etorriko dira Oñatira"

Xabier Urtzelai 2018ko ira. 21a, 19:00
Patricia Barcena, martitzeneko batzarra amaitutakoan, Oñatiko udaletxean. Xabier Urzelai.

Pertsona migratzaileendako lehen harrera-aterpetxea zabalduko dute Oñatin, eta CEAR erakundeak kudeatuko du zentroa (Errefuxiatuei Laguntzeko Euskadiko Batzordea). Patricia Barcena da bertako zuzendaria: 

Errefuxiatuentzako zentroan zein profiletako jendea egongo da? Zein egoeratatik datoz? 

Nazionalitate askotako pertsonak etorriko dira Oñatira, istorio eta bizipen gogorrak bizi izan dituztenak. Euren jaioterrian jazarpena pairatu dutenak, eta ihes egitea lortu dutenak. Eta, gurera iritsitakoan babesa eskatu dute, laguntza. Hasiera batean, zain dauden pertsonak dira, Estatuak errefuxiatuen harrera sisteman onar ditzan zain.

Hain zuzen, horregatik izango dira egonaldi mugatuak? 

Hori da, bai. Egun, administrazioak 2-3 hilabete behar izaten ditu pertsona horiek errefuxiatuen harrera,sisteman barneratzeko, eta, behin hori lortuta, pertsona horiek beste leku batzuetara bideratzen dituzte, epe ertaineko edo luzeko egonaldiak egin ditzaten.

Oñatiko aterpetxean zein zerbitzu eskaini ahal izango duzue? 

Oinarrizko behar guztiak aseta izango dituzte hemen, eta, gainera, aterpetxea oso txukun geratu da, oso pozik gaude. Hala, errefuxiatuek Oñatin egingo duten egonaldian erraztasunak emateko gizarte-langileak izango ditugu. Atezaina egongo da, gizarte-integratzaileak, administrariak... Eta, behar izanez gero, laguntza berezia ere eskura izango dute pertsona horiek: psikologoak, juristak... 

Zein izango da pertsona hauen egunerokotasuna? 

Denetik egongo da. Duelu egoeran egoten dira asko; izan ere, asko sufritu dute eta lasai egon gura izaten dute, atsedena behar dute; baliteke batzuek zentrotik irteteko gogorik ere ez izatea. Eta beste batzuek gurago izango dute kalean ibili, paseatu, herritarrekin hartu-emana izan, herriko ekimenetan parte hartu... 

Errefuxiatuei eskaintzen diezuen babes hau beharrezkoa da?

Bai, beharrezkoa da. Nahiz eta Espainiak hitzarmen asko sinatu dituen giza eskubideen alde, errealitateak erakusten digu azken urteotan, eta, batez ere, krisiaren eraginez, murrizketa handiak egin dituztela. 

Jende asko izan da herritarrekin batera egin duzuen batzarrean. 

Harrituta gaude, eta oso eskertuta jendea erakusten dabilen interesagatik. Lehen, atez ate ibili behar izaten genuen babes bila, gure lana zein zen azaltzen, eta orain, ikustekoa da jendea zelan mobilizatu den errefuxiatuen alde, zenbat ongietorri plataforma dauden... Oso pozik gaude. 

Segurtasunaren gainean kezkati daude herritar batzuk. 

Nik herritarrei lasai egoteko esango nieke. Orain arte egoera honetan zeuden pertsonak etxebizitzetan izan ditugu, eta esperientziak diosku eurekin ez dela gatazkarik egoten, lasaitasuna da behar dutena. Aterpetxean, gainera, langile asko izango ditugu eta pertsona bakoitzari behar duen laguntza eskainiko diogu. 

Beste batzuek, berriz, pertsona hauei zelan lagun diezaioketen jakin gura dute. 

Oñatik beti jakin izan du jendea ondo hartzen, duzuen unibertsitateagatik, turismoagatik... Bada, errefuxiatuekin berdin: aukera suertatzen bada, eta bien partetik gogoa badago, elkarrekin berba eginez, hartu-eman normala izanda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak