Araotzen ostatua egiteko proiektua landu zuten auzokideek. Udalean eta Eusko Jaurlaritzan aurkeztu zuten eta horien erantzunaren zain zeuden proiektuarekin aurrera egiteko. Udalak esana zuen Jaurlaritza sartu ezean bere ere ez zela sartuko, baina Gasteiztik etorritako erantzuna baiezkoa izan da eta hirua aldeek erabaki dute aurrera egitea: Jaurlaritzak, Oñatiko Udalak eta Araotz auzoak.
Pozik
Araozko auzo alkateak, Koldo Zumaldek, adierazi duen moduan, "oso pozik" daude proiektuaren lehen fasea aurrera doalako. "Uztailaren amaieran etorri zen Eusko Jaurlaritzaren erantzuna. Irailaren 9an auzotarrekin egindako bileran hitz egin genuen eta astebete epea jarri gaiaz hausnartzeko. Joan den zapatuan bozketa egin genuen eta baiezkoa atera zen".
Zumalderen esanetan proiektu osoak milioi erdiko aurrekontua du; lehen faseak 300.000 euro. "Diru horren erdia jarriko du Eusko Jaurlaritzak; zati bat 2018an (58.000 euro) eta beste zati bat 2019an (88.000 euro). Beste erdia Oñatiko Udalaren eta auzotarren artean jarriko da: 76.500 euro udalak eta beste horrenbeste auzotarrek".
Lehen fase honetan oinarrizko azpiegitura egingo da eta "erabilgarritasun bat emateko moduan egongo da eraikina", Zumalderen esanetan. Arkitektoa hasi da dagoeneko lanean. Bigarren fasearen aurkezpena datorren otsailean egingo dute.
Nesken eskolan
Lehengo nesken eskola izandako eraikinean ostatua eta hiru apartamentu turistiko egiteko proiektua dute Araotzen. Auzotik bertatik sortu den proiektua da, ikusten dutelako horrek biziberritu egingo lukeela auzoa eta kanpotik datorrenari ere zerbitzua emango liokeela.