Bizikleta marken enbaxadore dira

Xabier Urtzelai 2018ko ira. 21a, 19:54
Markel Uriarte eta Adiran Jurado. Argazkiak: Andoni Epelde, Aritz Gordo / Instagram: 'muriarteu' eta 'adiranjurado'

Markel Uriarte eta Adiran Jurado aretxabaletarrak Euskal Herriko bi bizikleta marken enbaxadore dira. Orbea eta BH markak ordezkatzen dituzte, bai lasterketetan eta baita sare sozialetan. Asteburuan enduroko Munduko Txapelketan izango dira.

"Gauza bat da lasterketetan zein emaitza lortzen duzun eta beste gauza bat da bizikleta marka konkretu baten berri sare sozialetan emateko orduan zein gaitasun duzun. Eta, gaur egun, markek lehenengoari garrantzia ematen diote, baina bigarrena ere garrantzitsua da", dio Markel Uriartek, asteburuan Ainsan egingo duten enduroko Munduko Txapelketara begira azken prestaketak egiten dabilen bitartean.

Aretxabaletakoak sei-zazpi urte daramatza Orbearekin kolaboratzen, bertako enduro taldean parte hartzen, eta enbaxadore lanak egiten: "Oso eroso nago eurekin; azken batean, etxeko enpresa da. Ematen didaten babesa oso garrantzitsua da lasterketetan, maila honetan aurrealdean ibiltzeko puntako materiala behar dudalako, eta Orbeak hori eskaintzen dit. Hemen ezin gara ibili duela bost urteko bizikleta batekin, edo hala-moduzko mantenua izan duten piezekin". 

Adiran Jurado, hasiberria 

Uriartek urte hauek enduro txapelketetan aurrealdean ibiltzeko baliatu ditu, baina baita mediatikoki oihartzuna izan duten erronkak egiteko ere: Anboto edota Aizkorri moduko mendiak bizikleta gainean jaitsi, Tourmaleta kaballitoa egiten igo, gurpil bakarraren gainean Anoetako belodromoan Guinness errekorra egin edota Everestin Challengea gainditu... 

Eta, erronka horiek jarraitzen, haren herrikide Adiran Juradok ere enduroan amaitu du: "Markel moduko erreferente bat herrian izatea garrantzitsua izan da atzetik gatozen gazteak ere kirol honetara gerturatzeko. Ni osabarekin mendiko bizikleta martxetara joaten nintzen, lehiatzeko batere asmo barik, baina Markelek animatuta lasterketa batean parte hartu eta harrituta geratu nintzen lortutako emaitzarekin. Hori ikusita, Andoni Epelderi esker –kirol argazkilari arrasatearra– BH etxekoekin harremanetan hasi nintzen, eta dagoeneko bi urte eta erdi daramatzat eurekin kolaboratzen. Pentsa, ikaslea naiz, ez dut diru-sarrerarik, eta, hala, gurasoak ezingo lirateke urtero puntako materiala erosten ibili". 

Sare sozialak erabiltzen dituzte euren lasterketen, entrenamendu saioen edo bitxikerien berri emateko; betiere, ordezkatzen dituzten bi marka horien irudia ondo zainduta; Instagramen adiranjurado eta muriarteu izenekin agertzen dira. Eta horretarako, ezinbesteko laguntza izaten dute, Aritz Gordo eta Andoni Epelde argazkilariena.

Lehiakideak, eta lagunak 

Herrikideak, marka ezberdinen enbaxadoreak, lasterketetan lehiakideak, eta lagunak: "Oso harreman ona dugu, asko eskertzen dut Adiran moduko pertsona bat ondoan izatea, txapelketetara joan eta bakarrik ibiltzea ez da-eta gauza bera. Lasterketa aurretik, sarritan, egun bakarra izaten dugu tramuak ikusteko eta ikasteko, eta bihurgune bakoitza zelan trazatu pentsatzen eta komentatzen ibiltzen gara elkarrekin", dio Uriartek. 

Bi pilotuen artean sei urteko aldea dago. Uriartek 27 urte ditu, eta 21 urte Juradok. Eta, gazteenak urte hauetan asko ikasi ahal izan du beteranoagoaren ondoan: "Markel oso pilotu teknikoa da. Gaztetan trialean egindako urteak oso lagungarriak izan dira, eta nabari da bizikleta zein ondo dominatzen duen. Kontua da, baina, azken urteotan arlo fisikoa lantzeko sekulako lana egiten dabilela, eta horri esker aurrerapausoa eman du". 

Hain zuzen, aurrerapauso hori eman guran hasi da Jurado ere gogor lanean: "Pentsa, errepideko bizikletan hasi naiz entrenatzen, orain arte sekula egin ez dudana", dio, barrez. Eta Uriarte da orain Juradoren ezaugarrien gainean berbetan dabilena: "Ikusi egin behar da bizikleta gainean zelan dabilen. Teknikoki oso ona da, bihurgune itxietan bizikleta nahi duen moduan erabiltzen du batetik bestera, baina, batez ere, oso-oso agresiboa da bizikleta gainean. Ni, akaso, gehiago naiz garbi trazatzekoa, baina Adiran oso ikusgarria da bizikleta gainean". 

Helburu ezberdinekin dabiltza 

Markel Uriarte eta Adiran Jurado helburu ezberdinekin dabiltza aurten. Lehenengoak ekainean borobildu zuen urtea, Espainiako Enduro Kopa irabazita: "Guztira, bost lasterketa izan ziren, Espainiako geografian banatuta, eta hori izan da aurtengo helburu nagusia. Egia esan, presio handia nabaritu nuen lasterketa horietan, eta azken detailea ere zaindu nuen: zirkuituak ezagutu, bizikletako pieza bakoitza errepasatu, gogor entrenatu... Azken urteak bestelako helburuak prestatzen ibili naiz; gurpil bakarraren gainean egindako erronkak, esaterako. Baina aurten enduroan jarri gura nuen arreta, benetako txapelketetan burubelarri ibili eta Espainiako Kopa irabazi izana gauza garrantzitsua izan da". Eta zer dakar halako txapelketa bat irabazteak?: "Ordezkatzen duzun marka horrendako garrantzitsua da egiten dituzten bizikletak txapelketetan aurrean dabiltzala ikustea, eta eurak ordezkatzen jarraitzeko modua da, baina enduroan pilotu profesionala izatea oso zaila da". 

Juradori, berriz, kosta egin zitzaion urte hasieran erritmoa hartzea: "Nahiz eta gustura ibili, pare bat lasterketatan erorikoak izan nituen eta kosta egin zitzaidan apur bat. Baina berehala eman nion horri buelta, eta gero, oso gustura lehiatzen ibili naiz. Urteko helburu garrantzitsuak, baina, orain datoz". 

Arrasateko proba, hilaren 30ean

Bi protagonista horiek bertatik bertara ikusteko aukera izango da irailaren 30ean Arrasaten egingo duten Enduro Txapelketan. Eta, dena ondo bidean, garaipenarengatik borrokan ibiliko dira biak ala biak –podiumean izan ziren iaz–. "Etxean ez da halako lasterketarik izaten, eta niretako oso hitzordu garrantzitsua izango da", dio iaz bigarren sailkatu zen Juradok: "Nire kategorian irabazi gurako nuke –23 urtez azpikoak–, baina horrekin batera elite mailan ere aurrean egon gura dut". Uriartek ere gogoz hartuko du Arrasateko lasterketa. Lagunek antolatzen dute, eta etxeko zaleak egongo dira bertan.

Gainera, lehenengo edizioan irabazi eta gero iaz arazo mekanikoak izan zituen eta podiumeko hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Bada, lasterketa horretako beste bereizgarri bat da puntako pilotuekin batera etxeko mendiko bizikleta zaleek ere berdin-berdin parte hartu ahal izango dutela. Antolatzaileek dagoeneko erabaki dituzte ibilbideak, eta, aurreko edizioetan moduan, tramu batzuk publikoak dira dagoeneko –Facebooken dago horren berri, eta lasterketako track batzuk deskargatzeko moduan daude jada– baina beste tramu batzuk sekretupean gordeko dituzte, ohitura den moduan. Hain zuzen, irailaren 25era arte dago izen emate epea zabalik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak