Martxan da Ttap, gailu mugikorretarako astekari digitala; ostiralero-ostiralero, aktualitateko gaiak ekarriko ditu erabiltzaileen poltsikora, gertuko ikuspegi batetik landuta. Aldizkari digital berria hainbat komunikabideren artean sortu dute: Goiena Komunikazio Taldea, Anboto (Durangaldea), Baleike (Zumaia), Tokikom eta Esguard aldizkaria (Bartzelona). Aldizkariak Gipuzkoako eta Bizkaiako edizioak izango ditu eskuragarri.
Lehen zenbakiko protagonistak Maialen Chourraut eta Eneko Atxa dira, eta hain justu bigarren honek Euskalduna jauregian zuzentzen duen Eneko Bilbao jatetxean egin zen Ttap-en aurkezpen ekitaldia.
Aurkezpen ekitaldia
Kike Amonarrizek aritu zen atzo aurkezle lanetan; horretaz gain, hitza hartu zuten Maite Goñik, teknologia berrietan aditu eta Ttap-eko kolaboratzailea; Jone Guenetxea Tokikomeko presidenteak; Monika Belastegi Ttap aldizkariko zuzendariak eta Germà Capdevila Esguard aldizkariko zuzendariak.
Hizlariak ez ezik, arlo ezberdinetako gonbidatuak batu ziren atzo Euskaldunan, besteak beste: Elena Laka Topaguneko presidentea; hizkuntza politikarako sailburuorde Miren Dobaran; Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria; Pili Calzada kazetaria; Goiena Komunikazio Taldeko hainbat ordezkari, baita Anboto aldizkariko eta Tokikomeko ordezkariak, eta Ttap aldizkariko hainbat kolaboratzaile eta unibertsitate eta hedabideetako kideak ere.
Aldizkaria deskargatu
Ttap aldizkari multimedia berritzailea doan deskargatu daiteke iOS eta Android smartphonetan edo tabletetan.