Hainbat talde feministek elkartasuna eskaini diete Arrasateko etxez etxeko langileei

Arrasateko EMMko plataformak, Pottogorriak, Nalua Eibarko talde feministak, Oñatiko Andraitz talde feministak, Deba Eskualdeko Koordinadore Feministak, Oñatiko Pototak, Antzuolako Andramanuelak, Oñatiko Sare feminista, Aretxabaletako talde feminista eta Bergarako Martxanterak elkartasuna eskaini diete 93 egunez greban dauden Arrasateko etxez etxeko langileei.

Hona hemen adierazpen osoa:

Gaur, Arrasateko EMMko plataformak, Pottogorriak, NALUA Eibarko talde feministak,
Oñatiko Andraitz talde feministak, Deba Eskualdeko Koordinadora Feministak, Oñatiko
Pototak, Antzuolako Andramanuelak, Oñatiko Sare feminista, Aretxabaletako talde
feminista eta Bergarako Martxanterak, beraien babes eta elkartasun osoa eskaini nahi
diete Arrasateko etxez etxeko zerbitzuetako langileei.

Azken hilabeteotan, etxez etxeko langileak borroka etengabean dabiltza 93 egunez
greba eginez eta elkarretaratzeak burutuz. Herriko hainbat eta hainbat gunetan ikusi
ditugu, eztarriak hausten, beraien lana balioan jartzeko aldarriaz, berezko dituzten
eskumenak ozen oihukatuz.

Deba Eskualdeko mugimendu feministok, 2018ko M8ko “Emakumeok* planto”
aldarriaren manifestua berreskuratu nahi dugu, beraz, Martxoak 8ko testuinguruan
denok argi ikusten genituen aldarrikapenak memoriara ekar ditzagun:

“Egunero egiten ditugun zaintza-lanengatik ez balitz, gaur egungo sistema ekonomikoa
kolapsatu egingo litzateke. Zaintza-lanak ez du ez bisibilitaterik ezta baliorik ere, nahiz
eta lan horrexek, emakumeok* egiten ditugunok, sistema sostengatu. Etengabe
zaintzen ditugu gure familiak, bikotekideak, lankideak, lagunak, inguruan ditugun
guztiak. Eta lan horiek egin gabe geratuko balira, inork ezingo luke bizi. Ikusezinak
direla ematen badu ere, behar beharrezkoak dira pertsonen ongizaterako eta bizitza
eta planeta jasangarria izateko. Etxeko eta zaintza-lanak familia esparruan egiten
ditugu, doan eta modu prekarizatuan, eta lan-merkatuan egiten ditugunean, esplotazio
baldintzetan egiten ditugu, prekarietatetik hasi eta lan-trafikoraino. Modu prekarioan
zaintzeari utzi nahi diogu, eta buruen zaintza aldarrikatu nahi dugu, bai eta zaintza-
lanak bizitzeko zeinen garrantzitsuak zaizkigun ulertarazi ere …”

Badirudi, 2018ko Martxoak 8ko testuinguruan, Arrasateko Udaleko arduradunek
“bere” egiten zituzten aldarrikapenak ez dituztela, egun, etxean, gertu, kasu
praktikoetan dituzten adibidetan beraien kargu hartu nahi. Gure herriko etxez etxeko
zaintzako profesionalen lana balioan jarri behar dela uste dugu, beraien zaintza lanik
gabe gure herrian denok okerrago bizi garela eta argi utzi nahi dugu, ez dugula
onartuko lan hori modu prekarioan gauzatu dadin, sosten-gaitza den eredu bat, beste
behin ere, emakumeon lan prekarioak sostengatuz.

2018ko martxoaren 8a ez zen beste egun soil bat izan, errotiko eraldaketaren hasiera
baizik, jendarte eraldaketa behar beharrezkoaren erakusleihoa, alegia. Eta eremuz
eremu gauzatu dadin borrokan jarraituko dugu, baita borrokan daudenak babestuz
ere. Beraz, memoria egin dezagun eta babes ditzagun, geure presentziaz, egungo
sistema patriarkalak ikusezinak bihurtu dituen, baina, guztion ongizaterako,
ezinbesteko eta behar beharrezkoak diren zaintza lanak eta horietara dedikatzen diren
profesionalak. Horien egungo egoeraren eta eskubidezko eskaeren hobekuntzak, geure
biharko zaintza beharren onura baitakar inplizituki.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.