Agur bainu denboraldiari

Josu Bilbao Atxutegi 2018ko ira. 14a, 09:45

Irailarekin batera heldu da bainu denboraldiari agur esateko garaia, eta Debagoieneko herrietako kanpoko igerilekuak, ur-txorroten guneak eta eguzkia hartzeko berdeguneak urteko azken txanpan sartu dira.

Irailaren 2an itxi zuten Eskoriatzako kiroldegian dagoen umeendako kanpoko igerilekua. Eguzkia hartzeko alboan dagoen berdegunea, hala ere, domekara arte egongo da irekita. Kiroldegiko arduradunek azaldu dutenez, aurten ere jende ugari ibili da haurrendako kanpoko igerilekuan. "Batez ere, eguraldi ona egin duen egunetan" bete egin dela azaldu dute. Kiroldegian, umeen igerilekuan dagoen belargunea, bestalde, domekara arte egongo da irekita.

Aretxabaletako Ibarra kiroldegian dagoen eguzkia hartzeko gunea belar artifizialezko berdegunea– irekita egoten da urte osoan; hala ere, aulki eta etzaulkiak eguraldia kaskartu ahala kenduko dituzte. Igerileku eta spa zerbitzuaz gozatzeko aukera ere urte osoan izango dute Aretxabaletako kiroldegian.

Bergaran, Agorrosinen dauden igerilekuak gaur itxiko dituzte. Iaz edukiera arazo ugari izan ostean, aurten "funtzionamendua ezagututa" gauzak hobeto joan direla azpimarratu du Bergarako Udaleko Kirol teknikari Iñaki Ugarteburuk. "Edukiera egun zehatz batzuetan bete egin da, baina herritarrek badakite igerilekuek muga hori dutela. Hala ere, orokorrean ondo joan dela uste dut. Pozik gaude", dio Ugarteburuk. Berritasuna izan dira aurten berdegunean jarri dituzten freskatzeko aukera ematen zuten ihinztagailuak.

Arrasaten, Musakolako igerilekuak lepo bete dira, aurreko urteetan bezala. Domekan emango diote bukaera denboraldiari eta balorazioa oso positiboa da, Arrasateko Udaleko Kirol zinegotzi Ander Garayk aipatu duen moduan: "Aurreko urteko datuekin alderatuta, erabiltzaileen igoera izan dugu: %11koa, hain zuzen ere. Arrasatearrek Musakolako igerilekuak aukera on moduan hartzen dituztela esan nahi du horrek, 7.000 erabiltzaile gehiago izan ditugulako udako kanpaina hasi zenetik. Iaz, 53.000 erabiltzaile izan genituen eta aurten, 60.600 inguru. Gainera, uztailaren 9an, 10ean eta 23an egun osoan 1.500 erabiltzaile baino gehiago igaro ziren igerilekuetatik; erabiltzaile gehien izan diren egunak izan dira".

Intzidentziei dagokienez, 134 artatze egon dira uda osoan. "Normalean, arinak izaten dira, baina aurten, gizonezko bati bihotzeko bat eman zion denboraldia hasi eta astebetera. Sorosleek uretatik atera zuten, eta, zorionez, onik irten zen", azaldu du Garayk.

Gainera, Udala auzoan dagoen Uxarte jatetxeko igerilekua ere domekan itxiko dute. Uda osoan irekita egon ostean, oporrak hartuko dituzte bertako jabeek.

Usakon soroslerik ez

Oñatiko errekan sorosle zerbitzua eskaini zen azken eguna irailaren 9a izan zen. "Uda normal joan da. Usakon, denboraldi hasieran izan genituen erabiltzaile gehiago eta edukiera azken egunetan jaisten joan da. Jendea ibili da, eta aste bukaeretan nabaritu egin da kanpotik ere jendea gerturatu dela", azaldu du sorosleak kudeatzen dituen E-goitek enpresako koordinatzaile Asier Arregik. Errekan bi salbamendu egin behar izan dituzte sorosleek. "Bi pertsona atera behar izan genituen uretatik, hain zuzen ere. Hala ere ez dira intzidentzia larriak izan", diosorosleak.

Horrez gain, Zubikoa kiroldegian dagoen belardia irailaren 28ra arte egongo da zabalik, oraindik eguzkia hartzeko aukera eskainita.

Ur-parkeak, arrakastatsuak

Azkenaldian, arrakasta izaten ari dira freskatzeko ur txorrotekin osatutako parkeak, eta Debagoienean ere umeez beteta egon dira gune horiek udan zehar. Oñatiko Ugarkalde auzoan dagoen ur-txorroten guneak aste honetatik urriaren 14ra arte ordutegi berezia izango du. Astelehenetik egubakoitzera 13:00etatik 21:00etara eta zapatuetan, domeketan eta jaiegunetan 11:00etatik 21:00etara. Antzuolan, bestalde, eguraldiaren arabera erabakiko dute ur jolasak eta ur txorrotak eskaintzen dituen gunea noiz itxi.

Berritasunak datorren urterako

Bergaran, hil bukaerarako aurreikusita dago Agorrosinen egingo dituzten lanei oniritzia ematea. Izan ere, helburua da datorren udarako ekipamendu berria prest edukitzea eta horretarako beharrezkoak diren lanak udazkenean abiaraztea. Hain zuzen, igerilekuen alboko berdegunean ur txorrotak eta jolasak edukitzea da asmoa.

Oñatin, bestalde, Zubikoa kiroldegia berritze bidean dago. Igerileku handia bost kaletik zortzi izatera pasako da eta haurrendako ere handiagoa izango da. Lan horiek 2019ko udako bainu denboraldiaren ostean hastea aurreikusten dute

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak