'Gure zirkua', Debagoienean

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko ira. 14a, 10:27
Gure Zirkua-ko lantaldea, Iker Galaratza buru dela –eskuinean– Eskoriatzan eguaztenean. Argazkia: Xabi Urzelai.

Eskoriatzako saioak gaur, egubakoitza, hasi eta domeka bitartean izango dira eta Elgetakoak, irailaren 28tik 30era. Sarrera ia guztiak agortuta dauden arren, leihatilan gutxi batzuk izango dira –gaur, egubakoitza–, eta Ticketea.com-en daude Elgetako emanaldi berrirakoak.

Sarrerak agortuta ez da sarritan euskal ikuskizunetan irakurtzen den oharra, baina, aurrez izan diren herrietan moduan, Debagoienean ere aurre-salmentako txartel guztiak agortu dituzte Iker Galartzak eta haren lantaldeak eskaintzen duten Gure zirkua ikuskizunean.

Hiru geltoki geratzen zaizkie

Iaz urrian probatxo bat egin zuten Tolosako zezen-plazan, eta, emaitzarekin gustura, aurtengo ekainean abiarazi zuten zirkua gurpilen gainean. Amezketan, Galartzaren herrian, egin zituzten lehenengo saioak; geroago, Aian, Urretxun, Zumaian... ere izan dira. Domekan Eskoriatzako karpa desmuntatu eta Nafarroara, Urdiainera, joango dira astebetez; handik Elgetara, eta azkeneko emanaldiak Donostian egingo dituzte segidan. "Txikitako ametsa nuen zirkua, eta arriskatu eta errealitatea da orain. Asko ari naiz gozatzen emanaldietan eta baita muntaketa eta bestelako lanetan ere. Ederra da ezer ez dagoen tokian zerbait eraikitzea, eta politak dira oso herritarrekin bizitzen ditugunak. Tokian tokiko ezustekoak izan ditugu, baina poliki poliki joan gara horiei irtenbidea ematen eta horietatik ikasten", dio Iker Galartzak.

Hamar laguneko lantaldea

Joseba Usabiaga (Don Martinez aurkezlea Gure zirkuan) aspaldiko lagunari proposatu zion Galartzak "abentura berria" abiaraztea, eta poliki-poliki kide gehiago "arrimatzen" joan zitzaiela gaineratu du gaurko Puntua aldizkarian egin dioten elkarrizketa zabalean: "Katalunian zirkua egiten zortzi urtez ibili izan den Koldo Arakistain etorri zitzaigun hasteko, eta haren eskutik, geroago, beste hainbat lagun: Asier Kidam magoa; Irati Gonzalez, Arakistainek moduan, telak eta akrobaziak airean eta lurrean egiten dituena; Ekain Ibarguren malabarista, Garazi Pascual alanbrean ibiltzen dena, Iraitz Lizarraga trapezista... Horiez gainera, familiakoak ere edozertan laguntzeko gertu izaten ditugu beti".

Osagai tradizionalak dituen zirkua dela gaineratu du: "Betikoa da, baina gurea, tokatzen den moduan, euskal kutsuduna".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak