Debagoienean ere igo dira autoen salmentak abuztuan

Eneko Azurmendi 2018ko ira. 14a, 13:07

Autoak erakusgai, Citroen Chapimen.

Abuztuan, azken urteetako hazkunde handiena izan da autoen salmentetan; Europar Batasunak irailaren 1ean jarri du martxan autoen kontsumoa eta gas igorpenak kontrolatzeko neurri berria, eta horrek azken uneko matrikulazio uholdea eragin du.

Ezohiko abuztua izan da hau automozio sektorean. Izan ere, azken urteetako salmenta onenak izan dituzte kontzesionarioek hilabete horretan.

Kontua da 2018ko urtarriletik aurrera, kontsumoa eta gas igorpena neurtzeko sistema harmonizatu egin dela mundu osoan, WLTP (Worldwide Harmonised Light Vehicle Test Procedure) izenpean. Hala ere, kontzesionarioek iaz fabrikatutako autoak dituzte oraindik stockean; lehengo sistemarekin neurtutakoak, alegia. Europar Batasunaren lege batek zehazten duenez, irailaren 1etik aurrera, markek stockean dituzten autoen %10 izan daitezke soilik lehengo sistemarekin neurtutakoak.

Hori dela eta, lehengo sistemarekin neurtuta zeuden autoak lehenbailehen stocketik atera guran, kontzesionario ugarik beherapenak ezarri dituzte uda osoan, %20 eta %30 artekoak, eta horrek eragin du salmentek inoiz baino gehiago gora egitea; batez ere, abuztuko azken bi asteetan.

Debagoienean ere emaitza onak

Autoen salmentak, oro har, gora egin du Debagoienean ere epe horretan. Ford Mugarrik, Citroen Chapimek eta Gorla Auto Groupek iaz baino emaitza hobeak izan dituzte abuztuan. Hala ere, bada kontrako eragina jasan duenik. Imanol Aranburu Euskoautoko komertzialak azaldu du "oso uda ahula" izan dela. "Gure auto guztiak neurketa sistema berriarekin neurtuta daude maiatza ezkero, eta ez dugu likidatzeko beharrik eduki. Beraz, iazko abuztuarekin alderatuta, %25 inguru jaitsi zaizkigu salmentak".

Automatrikulazioek, gora

Beherapenak aplikatzeaz gain, kontzesionarioek hartu duten beste bide bat automatrikulazioena izan da; hau da, autoak euren buruari saltzea. "Salmentak iazkoak baino hobeak izan dira, bai, baina gustatuko litzaidake jakitea saldu diren autoetatik zenbat eman zaizkien bezeroei eta zenbat automatrikulatu diren", azaldu du Chapimeko arduradun Mikel Loitik.

Auto horiek zero kilometrokoak izango dira aurrerantzean bigarren eskuko merkatuan, eta, Ander Aranburu Gipuzkoako Automozio Enpresen Elkarteko arduradunaren esanetan, kontzesionarioek 2019ko abuztuaren 31ra arte dute auto horiek saltzeko. "Auto horiek, aurrerantzean ere, prezio onean izango ditugu, noski", dio.

Zergak

WLTP azterketa sistema NECD (New Europan Driving Cycle) baino errealistagoa dela uste dute Europan, bai autoek igortzen dituzten gasen zenbatekoari dagokionez, baita zenbat erregai kontsumitzen duten jakiteko ere. Baina, era berean, neurketa zorrotzagoa egiten du, eta horrek matrikulazioetako zergetan izango du eragina. Izan ere, kontsumoaren eta igortzen duen gas kopuruaren arabera, zerga bat edo bestea ezartzen zaio auto bati: 120 miligramo CO2-tik behera kontsumitzen dutenek ez dute zergarik ordaintzen; 120-160 mg artean kontsumitzen dutenek %4,65 ordaintzen dute; 160-200 bitartekoek, %9,75; eta 200etik gorakoek, %14,75. Aranburuk adierazi duenez, auto berak emaitza desberdinak ditu lehengo sistemarekin edo berriarekin neurtuta, eta horrek, kasu batzuetan, eragina du ordaindu beharreko zergan.

"Seriotasun falta"

Ford Mugarriko arduradun Rafa Etxabek "inkoherentzia eta seriotasun falta" nabaritzen du fabrikatzaileen eta instituzioen aldetik. "Marketin eta publizitate kanpaina erraldoi bat egin dute, herritarrak nahasteko. Kontsumo eta gas igorpenarengatiko zergetan diferentzia handia egongo zela saldu nahi izan diete, eta benetan diferentzia txikia da. Desinformazio handia dago. Aldaketa txiki bat izan arren, izugarrizkoa balitz bezala saltzen dute, eta hori ordaintzen dutenak herritarrak dira, erosteagatik erosten dutelako, presaka eta ezer baloratu gabe. Iruzur handi bat izan da. Gauzak beste modu batera egin beharko lirateke", aldarrikatu du.

 

Ander Aranburu, Gipuzkoako Automozio Enpresen Elkarteko arduraduna: "Sistema berriak eragin du guztia"

Zergatik gertatu da horrenbesteko hazkundea abuztuan?

Prezio onak eskaini ditugulako. Baina jakin beharrekoa da zergatik eskaini ditugun prezio horiek. Izan ere, Europan, legeak dio irailaren 1etik aurrera markek stockean dituzten autoen %10 izan daitezkeela gehienez lehengo sistemarekin neurtutakoak. Beraz, markek esfortzu bat egin behar izan dute sistema zaharrarekin neurtutako autoak saltzeko irailaren 1a baino lehen.

Deskontuak handiak izan dira?

Denetik egon da, markaren arabera. Baina %20-30 bitartekoak izan dira.

Zer egingo duzue orain autoen %10 horrekin?

Lehengo sistemarekin neurtutako autoak, stockean gelditu zaizkigunak, 2019ko abuztuaren 31a baino lehenago saldu beharko ditugu. Auto horiek prezio onak izango dituzte, noski. Gainera, azpimarratu gura dut autoak berdinak direla. Diferentzia bakarra da batzuk lehengo sistemarekin neurtuta daudela eta beste batzuk, sistema berriarekin. Baina ez dira hobeak edo okerragoak horregatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak