Hirokazu Kore-eda: "Hitzik gabe laga nauzue"

Imanol Gallego 2018ko ira. 23a, 23:40

Kore-eda Donostia Saria jasotzen.

Zuzendari japoniarrak malko artean jaso du Donostia saria eta Zinemaldiarekin harreman "berezia" duela onartu du. Bere hitzaldian, duela egun gutxi zendu zen Kirin Kiki ere ekarri du gogora.

"Zinemaldira nire lanagatik gonbidatzen nauzue, baina nik hemen egoteko egiten ditut nire filmak", prentsaren barreak eragin dituen aitortza honekin hasi du prentsaurrekoa Hirokazu Kore-edak. Zuzendaria gure artean "oso eroso" sentitzen dela esan du, eta bere ustez, Donostia Sari hau "goizegi" heldu da, bere ibilbidearen "erdian" baitago.

Victoria Eugenia Antzokian egindako ekitaldia berezia eta hunkigarria izan da Tokiokoarendako, baina aldi berean triste sentitzen dela ere onartu du,bere aktoren gogoenetako bat den Kirin Kiki pasa den astean zendu baitzen. Kore-edak bana, istorioak kontatzen jarraitzeko asmoa dauka, eta Donostiako ikusleen erreakzioa zinema egiten jarraitzeko "pizgarri bat" dela azaldu du.

Azpimarratu duenez, oso lotuta dago Donostiako jaialdiarekin, eta gala berezi honetan Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinos egoteaz gain, Cannesko zinemaldiko zuzendaria ere izan du alboan. Hain zuzen ere Thierry Fremauxek eman dio Donostia Saria.

Ekialdetik iritsitako samurtasuna

Kore-eda aurpegi ezaguna da Zinemaldian, ia etxekoa; lau aldiz lehiatu da Sail Ofizialean, eta bi aldiz jaso du Publikoaren Saria. Japoniako zuzendariak 1995. urtean egin zuen debuta Maboroshi no hikari filmarekin, eta hasi orduko bere estilo propioa azaldu zuen, ondorengo lanetan behin eta berriro agertuko ziren gaietan: familia harremanak, heriotzak sortzen duen hutsunea... Gai horiek lantzeko, Kore-eda ekialde urruneko gizarteaz duen jakituriaz baliatu izan da. Horregatik, aditu askoren ustez, zuzendaria gaur egungo Japoniako bizitzaren kronista handietako bat da. 

Bestalde, Kore-eda Zinemaldiko ikusleen artean estimu gehien duen zinemagileetako bat da, bere sentikortasun handiko kontakizunek muga geografiko eta kulturalak gainditzen dituztelako. Ikuslegoa hunkitzeko duen gaitasun horren ondorioz, japoniarrak birritan jaso du Donostia Zinemaldiko Publikoaren saria,  Like Father, Like Son eta Umimachi Diary filmeei esker hain zuzen ere.

Azken urteotan, Tokioko zinegileak gizarte harremanengan duen interesa  familia eta haurretara bideratu du, oroimenari, galerari eta bizitzearen esperientzia gazi-gozoari buruzko drama sentikorren bidez. Kiseki bide berri horren adierazle zoragarria da. Era berean, Zinemaldira Sandome no satsujin thrillerrarekin ere kritika bikainak lortu zituen.

Japoniarrak bere zinea egiteko duen sentikortasun horrek, kritikaren txaloketez gain, sari ugari eman dizkio. Aurten esaterako, Cannesen Urrezko Palmorria irabazi zuen Zinemaldian ikusgai egongo den Manbiki kazoku filmari esker. 

Japoniako zinemaren alde

Horren arlo ezaguna ez izan arren, ekoizle-lanetan ere aritu da Kore-eda. Bere ekoiztetxearen helburua zinema japoniarraren talentu berrien lanak ezagutzera ematea izan da beti, eta horren harira Hebi ichigo edo Rotterdameko zinema-jaialdian aurkeztu zen Kakuto izenburuen atzean dago Tokyoko artista honen eskua. Ekoizle bezala lan egin duen azken proiektua, aurten estreinatu den  Ten Years Japan film kolektiboa izan da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak