Irribarretsu eta jasotako berotasuna bueltatzeko asmoz iritsi da Danny DeVito arratsaldeko photocall-era. Aktore eta ekoizleak ikusmin handia sortu du, eta lehen momentutik jendearen txaloak eta babesa baino ez ditu jaso. Garaieraz txikia den (1.47) izar handi honek jendea, kazetariak eta argazkilariak txunditu ditu une oro erakutsi duen gertutasunagatik.
Egun osoa elkarrizketak egiten eman ostean iritsi da bere une handia, eta zinemazaleek ez dute hutsik egin, DeVitoren sarrera txalo zaparrada handi batekin babestu dute-eta. Saria eman dion Juan Antonio Bayonak bere ibilbidea errepasatu eta gero, "zinemako izar handi” baten aurrean gaudela azpimarratu gura izan du. Txaloen ostean, estatubatuarrak, oso hunkituta, Donostia Saria zinemazaleei eskaintzen diela esan du.
Denetik egin duen artista
DeVito, antzerkian eta zine nahiz telebistan aktore eta zuzendari aritzeaz gain, azken urteotan produkzio lanetan ere aritu da. Estatubatuarrak 70eko hamarkadan egin zituen bere lehen lan gogoangarrienak. 1975. urtean One Flew Over the Cuckoo's Nest film arrakastatsuan parte hartu arren, ospea Taxi telesailari esker lortu zuen.
Lehen telesail horren ostean, DeVitok bide arrakastatsu bat hasi zuen zinemagintzan. 1983an, Romancing the Stone komedian hartu zuen parte, Michael Douglasekin eta Kathleen Turnerrekin batera, eta bi urte geroago The Jewel of the Nile prekuelan ere aritu zen. 1987an zuzendu zuen bere lehen pelikula: Throw Momma from the Train komedia beltza, eta une honetaik aurrera aktore eta zuzendari lanak tartekatu ditu. Douglasekin eta Turnerekin lan egitera itzuli zen The War of the Roses lanean, non aktore eta zuzendari gisa aritu zen.
Dudarik gabe, baina, 1992 urtean -Tim Burtonen eskutik- iritsi zitzaion bere pertsonaiarik ezagunenetakoa bihurtuko zena: Batman Returns filmeko Pinguinoa, Batmanen etsaia. Burtonekin batera Mars Attacks! eta Big Fish pelikuletan ere egin zuen lan. Zinefilo gazteek, ordea, Mathilda filmean jokatutako pertsonaiari esker ezagutuko dute seguraski DeVito. Aipatzekoa da, bestalde, filma berak zuzendu zuela.
Komedia baino gehiago
Zoritxarrez, ikusle gehienendako, DeVito Arnold Schwarzeneggerren bikia eta Batmanen etsaiarena egiteagatik da ezaguna, baina garaieraz txikia den izar handi hau zuzendari erraldoien aginduetara egon da: Sofia Coppola, Brian de Palma, Robert Zemeckis, Milos Forman, Francis Ford Coppola eta Tim Burton, besteak beste. Aktorea, gainera, ez da komediara mugatu eta L.A Confidential, Cumudgeons filmetan egin du lan.
Lehenago aipatu moduan, 90eko hamarkadatik aurrera, interpretazioa eta zuzendaritza utzi gabe, DeVitok lan ugari egin du ekoizpenaren alorrean, Jersey Films ekoiztetxean. Aktoreak, beste lan batzuen artean, Pulp Fiction, Gattaca, Man on the Moon edo Erin Brockovich pelikulak ekoitzi ditu. Azken lan honengatik film onenaren Oscar sarirako izendapena lortu zuen.