Ekin diote ikasturte berriari AEK-k eta udal euskaltegiek

Eneko Azurmendi 2018ko ira. 13a, 15:21

Leintzeko Udal Euskaltegiko ikasleak, klase batean. Argazkia: Leintzeko udal euskaltegia.

Debagoieneko udal euskaltegiek eta AEK-k martxan dute 2018-2019 ikasturterako matrikulazio kanpaina; AEK-k, gainera, ateak irekitzeko jardunaldiak egingo ditu irailaren 18an, eta euskara-eskola bat dohainik jasotzeko aukera eskainiko du.

Modu berezian hasiko du aurten ikasturtea Debagoieneko AEK-k. Izan ere, irailaren 18an, ateak irekitzeko jardunaldiak egingo dituzte Arrasaten. Oskar Elizburu AEK-ko kidearen esanetan, ekimen horrek euskara ikasteko metodologia komunikatiboa eta praktikoa zer den bertatik bertara ezagutzeko aukera emango dio probatu nahi duenari.

11:00etan, A1 mailakoen eskola izango da, ezer edota ia ezer ere ez dakitenentzat. 18:00etanetan, berriz, A2 mailakoentzat, euskararekin lehenbiziko kontaktua egina dutenentzat.

Eskola horietara joan nahi dutenek izena eman beharko dute, "ikasle kopurua jakinda eskola hobeto prestatu ahal izateko". Horretarako, bide hauek erabil ditzakete: Garibai 14an dagoen AEK euskaltegira gerturatu, 943 77 03 69 telefonora deitu, arrasate@aek.eus helbidera idatzi edota www.aek.eus-en sartu eta izena eman.

Ikasturteari begira jarrita, maila ofizial guztiei begirako eskaintza du AEK-k: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2-ko eskolak. Dagoeneko eman daiteke izena ikasturte berrirako, aipatutako bideak erabiliz. Arrasateko Udalaren diru laguntzari esker, matrikula merkeagoa da arrasatearrentzat eta Arrasateko ikasle, erretiratu eta langabeek matrikula erdia ordainduko dute.

Udal Euskaltegiak

Bestalde, Arrasateko, Bergarako, Leintzeko eta Oñatiko udal euskaltegiak ere martxan dira ikasturte berriari aurre egiteko, eta matrikulazio kanpaina irekita dute, Aspaldiko! Euskara berriro zure bizitzan lelopean.

A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailetako euskara eskolak eskaintzen dituzte, euskara ikasteko eta hobetzeko ikastaroak, alfabetizazioa, idazmena lantzeko ikastaroak. "Eskaintza zabalagoa izatea nahiko genuke, saio gehiago eskaintzea, baina hori eskariaren araberakoa izango da. Beraz, herritar guztiak animatzen ditugu euskaltegian izena ematera, euskara ikasteko, hobetzeko edo dena delakorako", dio Karmele Agirregabiriak, Leintz Udal Euskaltegiko zuzendariak.

Arrasateko Udal Euskaltegian izena emateko, 943 79 70 77 telefonora deitu, edo euskaltegi@arrasate-mondragon.net helbidera idatzi; Bergarakoan izena emateko, 943 76 44 53 telefonora deitu edo euskaltegia@bergara.eus helbidera idatzi; Leintzekoan izena emateko, 943 792 168 telefonora deitu edo idazkaritza@udaleuskaltegia.eus helbidera idatzi; Oñatikoan izena emateko, 943 78 24 96 telefonora deitu edo euskaltegia@onati.eus-era idatzi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak