Bittor Rodriguez: "Gazta naturalak eta nortasuna dutenak ditut gustuko"

Eneko Azkarate Laspiur 2018ko ira. 14a, 20:00

Gazta lehiaketa eta dastatzea egingo dituzte zapatuan Bergarako San Martin jaietako azokan. Bittor Rodriguez dietista eta elikadura zientzien doktorea izango da epai-mahaiko kideetako bat eta dastatze ikastaroa gidatu du 11:00etan Oxirondon.

Unibertsitateko laborategian jarduten duzu elikagaiak neurtzen. Zertan zehazki?
Euskal Herriko Unibertsitateko analisi sentsorialeko laborategian jarduten dugu elikagaien dastaketak egiten. Aldez aurretik ezarritako ezaugarri jakin batzuen arabera egiten dira neurketak. Hortik neurtzen da elikagaien kalitate maila. Metodo zientifiko horren arabera bereizten da, esaterako, gazta bat beste batetik.

Idiazabal gazta batek ze baldintza bete behar ditu?
Jatorri izena izan dezan, latxa ardiaren esne gordinarekin egin behar da. Eta, gero, zenbat ardi dauzkazun, zenbat esne ekoizten duzun, zela saltzen dituzun, ondua bada zenbat hilabetez ontzen duzun… Hainbat ezaugarri eta baldintza bete behar dira. Hemen egiten dugun elikagaien dastaketa prozesua oso zorrotza da eta eredugarria da munduan.

Gazta on baten ezaugarri funtsezkoenak?
Itxura, usaimena eta zaporea hartzen ditugu kontuan. Itxurari dagokionez, ezberdintasun handirik ez da izaten. Bestetik, garbi izan behar dugu zerekin egina den eta, ondorioz, ardiaren usain eta gustua izan behar ditu. Garbia eta sarkorra izan behar da. Eta gatzagi natural garbia behar du. Arkumearen sabel lehor zatitxo bat ere botatzen zaio gaztari nortasuna izan dezan.

Elikagaien eta, kasu honetan, gaztaren kalitatea bermatzen da horrela?
Bai eta elikagaiaren kalitateaz harago, gure kulturaren parte den produktu baten biziraupen arrakastatsua ziurtatzen du. Azken finean, gazta, esaterako, artzainek egindako jakia da. Horrek esan nahi du, esaterako, pertsona batzuek bizimodu bezala aukeratu dutela artzaintza. Horrek asko pozten nau, ze gazta jate hutsak beste horretara guztira eroaten nau.

Nolako gazta duzu gustukoen?
Lanagatik, ia astero dastatzen dut Idiazabal gazta eta, horregatik, erosterakoan, beste jatorri izen batzuetakoak ere erosten saiatzen naiz. Gazta modu askotara prestatuta eta lagunduta dut gustuko; baita bakarrik jateko ere. Ketuak edo naturalak ere izan daitezke. Nik nahiago ditut naturalak eta nortasuna dutenak, gazte edo zahar izan arren.

Gazta larregi jatea ez da komeni, ordea. Zergatik?
Hori ez da guztiz egia. Koipea eta gatza dauzka gaztak, hori horrela da, baina zer beste jaten dugun ere kontuan hartu behar da, hau da, elikadura orekatua izatea da kontua. Edozein elikagairen onura, beste elikagaien araberakoa da. Gaztak, kalitate sentsorialaz gain, kaltzioa ere badauka. Gauza on asko dauzka.

Ze iruditzen zaizu gazta bategatik 8.000 euro ordaintzea?
Bakoitzak erabakitzen du zertan gastatu edo inbertitzen duen bere dirua. Oihartzun handia izaten du eta hori ona da gaztarentzako eta gazta ekoizleentzako ere.

Gure guraso edo aitajaun-amandreek baino kaloria gutxiago irentsi arren, gizenago gaudela diozu. Zergatik da hori?
Sedentarismoarengatik. Gaur egun, aisialdian kirola egin arren, lehen lanean, joan-etorrian…, jarduera fisiko gehiago egiten genuen. Orain, badago jendea, gizena egon arren, osasuntsu dagoena, baserrietan-eta, esaterako; tripontziak izan arren, gihartsuak dira, lan fisikoa dutelako, eta, ondorioz, osasuntsu daude. Gantz asko izan arren, gihartsu egotea da gakoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak