Azken urteotan Silvia Trigueros estatu mailako ultra lasterketetan erreferente bilakatu bada, duela ordu gutxi mundu mailako erreferente izatera pasa da Eskoriatzan lan egiten duen mendi lasterkaria. Tor des Geants ultra lasterketako helmuga lehenengo postuan gurutzatu du-eta duela ordu gutxi, goizaldean. Horretarako bizkaitarrak ia 88 ordu erabili ditu (87:50:31), pentsa zelako lasterketa den.
"Bihar ez dakit nola egongo naizen, baina orain momentuan hankak uste baino hobeto ditut", adierazi du helmuga gurutzatu eta lagunekin berriketan lasai-lasai geratu den korrikalariak: "Pentsa, azken kilometroan estutu ere egin dut, ondo iritsi naizen seinale".
Horren lasterketa luzea izanda helmugan ez zegoen aparteko girorik, korrikalariak tarte handiaz iristen direlako helmugara, eta gainera, goizaldean helmugaratu da. Baina, bizkaitarraren aurpegiko irribarreak ez zuen publiko gehiago behar, sekulakoa egin du.
Bada, poliki-poliki euskal lasterkariak geroago eta protagonismo handiagoa hartzen dabiltza lasterketa horretan. 2013an Iker Karrerak irabazi zuen txapela, iaz Javi Dominguez gasteiztarra nagusitu zen, eta 2018an Silvia Trigueros izan da onena.