Silvia Trigueros: "Ondo moldatzen naiz proba luzeetan, baina psikologikoki ondo prestatu behar zara"

Maialen Regueiro 2012ko abu. 20a, 11:37

Silvia Trigueros (Barakaldo, 1976) Eskoriatzako Ederlaneko langilea da nahiz eta 2004tik Abadiñon bizi den. Eta aspaldian mendi lasterketetan dabil buru-belarri. Uztail erdialdean, adibidez, Goierriko Bi Handiak egin zituen eta bere lehenengo txapela irabazi zuen. Harekin izan gara, eta lana, seme-alabak eta lasterketak nola uztartzen dituen kontatu digu, besteak beste.

Nondik datorkizu mendi lasterketaren zaletasuna?

Ni mendizalea naiz eta semeak jaio aurretik, Pirineo eta Alpetara joaten nintzen. Umeekin bizi-erritmoa aldatu egin zen eta orain ez naiz hainbeste joaten. Aurreko urtean, koinata batek mendi lasterketa batera zihoala esan zidan eta berari laguntzera joan nintzen. Egia esan, esperientzia gustatu zitzaidan eta horrela, geroz eta lasterketa gehiagotara joan nintzen.

Aurten zer egin duzu?

Egia esan, lasterketa askotan hartu dut parte. Euskadi zein Espainiako Kopan parte hartzen ari naiz eta horiek egin ondoren, niri gustatzen zaizkidan lasterketetara joango naiz. Aurten besteak beste, kostaldean egiten diren Donostia-Hondarribia eta Kosta Trail egin ditut. Horrez gain, beste bi ultra ere egin ditut, Hiru Handiak eta Goierriko Bi Handiak. 

Aurtengo balorazioa zein izango litzateke?

Aurtengo balorazioa oso ona da. Egia esan, ez nuen espero hain emaitza onak egitea.

Egin duzun lasterketa gustukoena zein izan da? Zergatik?

Ez da erraza egindako lasterketa guztietatik bat aukeratzea, bakoitzak zerbait duelako. Batzuk emaitzagatik dira politak eta beste batzuk egindako esfortzuagatik, baina egindakoetatik bi lasterketa azpimarratuko nituzke. Alde batetik, Hiru Handiak. Lasterketa hau asko gustatu zitzaidan. Ibilbide osoa lagun batekin egin nuen eta momentu txarrak igaro arren, espero genuena baino hobeto egin genuen eta ni hirugarren neska izan nintzen.Bestalde, Goierriko Bi Handiak azpimarratuko nuke, lasterketa honetan nire lehenengo txapela lortu bainuen.

Zer moduz joan zen Goierriko Bi Handiak lasterketa?

Lankide batek animatu ninduen.Dena den, lasterketa honek 88km ditu eta ia 15 orduko denbora egin nuen. Lasterketa hasieran, nahiko urduri nengoen, baina banekien lasai hartu behar nuela, proba oso luzea baitzen. Lasterketa oso azkar hasi zen, baina hasieratik nire erritmoa hartu nuen eta konturatu orduko, aurreko postuetan nengoela ikusi nuen. Lehenengo jaitsieran, aurretik zihoan neska bat aurreratu nuen. Txindokitik pasa ostean, beste neska bat aurreratu nuen eta hortik aurrera lehenengo postuan joan nintzen. Gogorra egin zitzaidan, ez bainago ohituta lehena joatera.  

Espero zenuen bertan zure lehen txapela irabaztea?

Banekien proba honetan podiuma egiteko aukerak nituela. Lehenengo nindoala ikusi nuenean pozik nengoen, baina oraindik kilometro asko falta ziren amaitzeko. Pozgarria izan zen lehenengo helmugaratzea. 

Entrenatzaile pertsonala duzu.

Ondo entrenatzea nahi nuen, baina ez nekien nola. Horregatik, entrenatzaile pertsonal batekin lanean hastea erabaki nuen. Berak behar dudan laguntza ematen dit. Dena den, garrantzitsuena bakoitzaren konstantzia da.

Mendi lasterketak zaletasuna dira zuretako, ala serioago hartzen dituzu?

Niretzat zaletasuna eta konpetizioa dira, biak. Lasterketa batzuetara lasterketa bera ezagutzeko joaten naiz, aurretik jakinda ez dudala aurreko postuetan amaituko.

Nola moldatzen zara lanaz, umeekin eta entrenamenduekin?

Ahal dudana egiten dut. Korrika egitera edozein ordutan joaten naiz. Denbora gutxi daukazunean libre dituzun momentuak aprobetxatzen dira. Dena den, entrenamendu luzeak asteburuetan egiten ditut goizean goiz eta ondoren familiarekin egoten naiz. 

Senarrak laguntzen al dizu honetan?

Bai. Egia esan asko laguntzen dit. Gainera, bera da lasterketatan parte-hartzera animatzen nauena.

Nolakoa izan da Hiru Handien esperientzia?

Esperientzia oso polita da. Hirugarren aldia da lasterketa hau egiten nuela eta lagun batekin joateak asko lagundu zidan. Gauean frontal batekin joan behar ginen eta erritmoa hartu genuenean oso gustura. Urbian tripako mina neukan, baina helmuga gertu zegoen eta horrek bukatzeko indarra eman zidan.

Ehun milak proba gogorrak erakartzen zaitu?

Egia esan, ondo moldatzen naiz proba luzeetan, baina proba hauetarako burua ondo  prestatu behar duzu. 

Hurrengo urtera begira ze asmo daukazu?

Momentuz ez naiz hasi hurrengo urtean pentsatzen. Denboraldia ez da bukatu oraindik oso luzea baita eta amaieraren arabera planifikatuko dut 2013. urtea. Dena den, proba luzeren bat egingo dudalakoan nago. 

Oporretan zer egiten duzu, hondartzara joan edo mendira?

Hondartzara joaten naiz niri eta nire semeei gustatzen zaigulako, baina aurten mendira ere joango gara. Biak egiteko denbora dago. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak