Jose Miguel Laskurain: "Mundu osoko eta hain maila altuko 150 zuzendarirekin egotea luxua da"

Goiatz Arana Begiristain 2018ko abu. 8a, 08:00

Jose Miguel Laskurain. (Argazkia: 'www.laskurain.simdif.com')

Huelvan da Laskurain, Orkestra Zuzendaritzako Munduko Topaketan parte hartzen. Bergarako Musika Eskolan txistuko irakasle eta Bergarako Txistulari Bandako zuzendari denak irakasle lanak egingo ditu bertan, Zuzendaritza-teknika eta Errepertorio ikasgaietan. Hilaren 13ra arte egongo da bertan. Goienak elkarrizketa egin dio.

Nola jaso duzu Huelvan egiten ari diren Orkestra Zuzendaritzako Munduko Topaketan parte hartzeko proposamena?

Bergarako Musika Eskolan txistuko irakaslea eta Bergarako Txistulari Bandako zuzendaria izateaz gain, lizentziatua naiz Orkestra Sinfoniko Zuzendaritzan eta Musika Banda Zuzendaritzan, Londresko Royal School of Music-en. Horrek ekarri du munduko topaketako antolakuntzan dudan jende ezaguna nirekin harremanetan jartzea, topaketa horretan eskolak ematea proposatzeko. Ez dago jende asko bi titulazio horiek izan eta gai horretako eskolak ematen dituena. Horiek uste dut izan direla gakoak.

Izen handiko zuzendariek parte hartzen dute. Ohorea da zuretzat han egotea?

Niretzako ohore eta plazer handia da. Juan Carlos Dos Santos (Paraguaiko Orkestra Nazionaleko zuzendari titularra), Gerardo Estrada (venezuelarra eta Urrezko Batutaren irabazlea), Juan Rodriguez (Orkestra Zuzendaritzan katedratikoa Argentinan), Missak Baghboudarian (Siriako Orkestra Nazionaleko zuzendari titularra) eta Navarro Lara (Huelvako Sinfonikako eta Navarro Lara Maisua Eskolako zuzendaria) maisuekin egoteak ez du preziorik. Zuzendari guztietatik ikasten da eta, maila horretakoak izateak, gainera, ematen dizu aukera eurekin eta eurengandik ikasteko eta partekatzeko, uneoro.

Halako topaketa batean parte hartzen duzun lehen aldia da?

Nahiko ohikoa da maisu ezagunen bueltan antolatzen diren masterclass-etako zuzendari topaketetan parte hartzea. Halakoak 15 bat zuzendaritara mugatzen dira. Adibidez, bi urtez, hilero Valentziara joanez ibili naiz, Espainiako orkestra eta musika bandetako zuzendari onenekin.

Ohikoa ez dena da mundu osoko eta hain maila altuko 150 zuzendari batzen dituen topaketa bat. Gainera, obrak zuzenean interpretatu eta zuzentzeko hiru talde pilotu egoteak are gomendagarriagoa egiten du topaketa zuzendariontzat.

Irakasle lanak egingo dituzu? 

Bai, Zuzendaritza-teknika eta Errepertorio ikasgaietan. Nire adiskideen lana zuzendu eta aztertzea erronka zaila izango da, nahiz eta zertxobait ohituta ere banagoen Bergarako Musika Eskolan orkestra zuzendaritzako eskolak ematera talde ezberdinetako ikasleei.

Ezberdintasunik handiena izango da, hemen, soinua profesionalek sortua izango dela momentu bakoitzean; aldiz, eskoletan, ispilu baten aurrean zuzentzera mugatzen gara.
 
Baina irakasle lanak egiteaz gain, izango duzu aukerarik beste zuzendari batzuekin ezagutzak eta esperientziak partekatzeko.

Hamabi orduko sei lanegun ditugu, goizeko bederatzietatik gaueko bederatzietara. Eskolak, konferentziak, entseguak eta otorduak; eta gauetan, piano baten bueltan, operako musika interpretatzeko unea.

Momentu horiek guztiak dira egokiak maisu eta adiskideetatik ikasteko, esperientziak elkarbanatzeko, toki bakoitzeko orkestrak nola kudeatzen dituzten aztertzeko... eta batez ere, beste talde batzuekin harremanak egiteko, ondoren zuzendari-trukeak antolatzeko. Erabateko luxua, beraz.

Eta, ze asmo Bergararako?
 
Zalantza barik, jarraituko dut Bergarako Musika Eskolan eta Bergarako Txistulari Banda zuzentzen. Uneotan, txistu, Nafarroako gaita eta orkestra zuzendaritzako eskolak ematen ditut, eta eskolako orkestra zuzentzen dut, 40 bat ikaslerekin. Umeekin aritzea oso berezia eta atsegingarria da niretzat: musikari eta pertsona bezala nola hazten diren ikusten dut, eta ikasketak amaitzean egindako lana aitortzen didatela eta gure arteko adiskidetasuna mantentzen dela ikusteak... horrek, ez du preziorik.
 
Gainera, urte honen amaieran eta datorrenaren hasieran, Bilboko Euskalduna Jauregira eta Iruñeko Baluarte Antzokira joango gara, Alizia Musikala ikuskizunarekin jarraitzeko; musika zuzendari lanetan aritzen naiz bertan.
 
Beraz, lanean jarraitzen dugu Bergarako musika eskolan eta eskolarentzako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak