Bertan gure historia ezagutzeko izugarrizko balioa duten altxorrak gordetzen direla azaldu dute, Espainiako estatuak XIX. mende amaieratik ia gaur egunera arte Gipuzkoan sortutako dokumentazioa, alegia. Eta memoria historikoarekin erlazionatutako materiala azpimarratu dute, Gipuzkoako espetxeetako eta Gobernu Zibilaren funtsak tartean. Ildo horretatik, Denis Itsasok adierazi du Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoak ahalik eta gehien zukutuko dituela dokumentu horiek guztiak, gure historia argitzen laguntzeko eta egia eta justizia egiteko, memoria historikotik eta zorroztasun dokumentaletik. "Funts horiek inplementazio gutxi izan dute lurraldean, artxibo historikoaren ibilbide laburragatik eta pertsonal eta baliabide material eskasiarengatik", gaineratu du.
Gipuzkoako Protokoloaren Artxibo Historikoko funtsak ere bertara
Asmoa da, gainera, urtea bukatu baino lehen -urrian edo azaroan- Oñatiko unibertsitate zaharrean dagoen Gipuzkoako Protokoloaren Artxibo Historikoko funtsak ere bertara lekualdatzea, kokaleku berriak kontserbazio eta segurtasun baldintza hobeak eskaintzen dituelako, besteak beste. Horrekin batera, toki bietako lantaldeek bat egingo dute -lau lagun ariko dira, guztira- eta beste hiru lanpostu berri sortuko dituzte.
Instalakuntzekin lotuta ere badira nobedadeak: ikerlarien aretoa bitan banatuko dute eta aurrerantzean langileentzako eremua ere izango da bertan. Eta orain arte erabili gabeko dokumentazioa zaharberritzeko laborategia martxan jarriko da.