Urte batzuk geldi izan ostean, berriz hasi dituzte Abiadura Handiko Trenaren Bergarako lotuneko lanak –lehen sektorean irekia dute obraldia–. Eta, gainerakoan, bukatzear dute esleipen prozesua: hirugarren sektoreko lanak esleitzea besterik ez da geratzen. Adifek irekia du horretarako lizitazio prozesua. Bestetik, berriki esleitu dituzte bigarren sektoreko lanak, Arrasate, Elorrio eta Bergara artekoak –5,2 kilometroko luzera du trenbide zatiak–. Hain justu, Dragadosek, Tecsa Empresa Constructorak eta Cosntrucciones Amenabarrek aldi baterako sorturiko enpresak egin du bere kont ratua, 182,75 milioi euroko aurrekontuarekin.
Eta, trenbide zati horretan, lur azpiko lanak dira nagusi: %97,8 lur azpian egingo litzateke. Sakonago: Karraskain ekialdea –448 metro–, Karraskain mendebaldea –543 metro–, Udalatx ekialdea –4.620 metro– eta Udalatx mendebaldea –4.646 metro– tunelak eraiki behar dituzte bertan. Horrez aparte, gainera, Kobate ekialdea –83 metro– eta Kobate mendebaldea –28 metro– zubi bideak eraikiko dituzte. Behinik behin, 30 hilabeteko iraupena izango lukete lanok.
Lehen sektoreko lanak
Bestetik, administrazioko bidea bukatuta, hasia dute lehen sektoreko obra –hala baieztatu du Adifek–; Arrasate, Elorrio eta Bergara lotuko ditu horrek ere, 5,1 kilometro luzeko trenbide zatiarekin. Eta, hain zuzen, horrentzat litzateke aurrekontuaren zati handiena: 192,3 milioi euro. OHLk, Geotunelek, Costrucciones Adolfo Sobrinok eta G&Ok sorturiko aldi baterako enpresak egingo ditu lanok.
Kasu horretan, hiru tunel eraiki beharko lirateke: Udalatx ekialdea –2,3 kilometro–, Udalatx mendebaldea –2,3 kilometro– eta Kortazar –1,6 kilometro–.Eta, bestetik, bi zubi-bide ere izango lituzke: Arantostei –20 metro– eta Angiozarko galeria artifiziala –200 metro–. Kasu horretan, 38 hilabeteren buruan bukatu gura dituzte azpiegiturok.
Eta, gainerakoan, esleitu beharrean dituzte hirugarren sektoreko obrak, 89 milioi euroko aurrekontuarekin –irekita dute esleipen prozesua–. Hain zuzen, 2,8 kilometroko luzera du trenbide zati horrek –plangintzako laburrena da–, Elorrio eta Bergara lotzeko helburuarekin. Zehatz esanda, 37 hilabeteko lana aurreikusi dute zati horrentzat.
AHTaren tirabirak
Obrak hasi zituztenetik, gorabehera asko izan ditu AHTak; eta eztabaida iturri izan da hasiera-hasieratik. Tartean, Eusko Legebiltzarreko alderdien artean sokatira eragin zuen Europako Kontu Auzitegiak azpiegituraren inguruan esanikoak: hark argitaraturiko txosten baten arabera, AHT lineak Europan ez dira "eraginkorrak". Are gehiago, Oskar Herics Kontu Auzitegiko kide eta txostenaren arduradunak azaldu zuen "mantsoak, garestiak eta ez-eraginkorrak" direla. "Herrialdeen artean gaizki lotutako mosaiko ez-eraginkorra da sarea, eta ez dauka plan errealistarik epe luzera", gaineratu zuen.
Hori horrela, txostenaren inguruan hitz egiteko, agerraldia egin zuen Arantza Tapiak, Eusko Legebiltzarreko Garapen Ekonomikorako eta Azpiegituretako sailburuak. AHTaren "errentagarritasun soziala" defendatu zuen hark. Bide berean, azaldu zuen urtean 8 milioi bidaiari "potentzial" izango dituela, eta, horrez gain, merkantziak ere eroango dituela, "errepideetako zirkulazioari mesede eginez". Hori bai, onartu zuen azpiegitura eraikitzeko lanek, gaur-gaurkoz, %8,5eko gainkostua pilatzen dutela. Gainera, Espainiako Sustapen Ministro Jose Luis Abalosekin batzartu zen Tapia aurreko eguenean, AHTa 2023an martxan jar dadin erakundeen arteko elkarlana berresteko.
Bestetik, EH Bilduk agerraldia egin zuen astelehenean Legebiltzarrean –Antzuolako alkate Beñardo Kortabarria izan zen tartean–. Besteak beste, AHTko lanak gelditzeko eta egungo trenbide sarea "modernizatzeko" eskatu zuen koalizioak. Eta, ohartarazi zuen, "zentzurik gabeko diru xahuketa erraldoia" dela azpiegitura. Era berean, salatu zuen datuak "manipulatu" dituela Jaurlaritzak, "proiektua errentagarria izango den itxura emateko".