Eskaintza zabala ibarrean, udako oporrei begira

Iker Oñate 2018ko uzt. 27a, 11:20

Hasia da udako oporraldia. Eta ibarreko txokoak ezagutarazteko lanean dihardute Debagoieneko turismo arduradunek. Askotarikoak dira horretarako aukeraturiko turismo eskaintzak: bisita gidatuak, mendi ibilaldiak, aldian aldiko hitzorduak...

Udako oporrak gainean, turismo eskaintzen zurrunbiloan murgildurik da Debagoiena; era guztietako hitzorduak daude jarriak gura duenaren eskura. "Gaur-gaurkoz, badabil jendea. Eta pentsa daiteke horrela jarraituko dugula", aitortu du Ana Erizek, Mankomunitateko Turismo arduradunak.

Museoak, kobak...

Tartean, ohikoak aurki daitezke Debagoieneko turismo eskaintzen artean. Besteak beste, Ibarraundi museoko erakusketa –etnografiaren, historiaren eta amoniteen ingurukoak biltzen ditu horrek– eta Zubiateko labea ezagutzeko aukera egongo da Eskoriatzan. Bisita gidaturako aukera ere badago horietan.

Bestetik, Bergaran ere egongo da zer eginik. Batetik, ohi bezala, irekita izango da Laboratorium museoa, Errege Mintegiak utzitako XVIII. eta XIX. mendeetako bilduma zientifikoa ezagutu gura duenarendako. Eta, horretan geratu barik, aldian aldiko bisita gidatuak antolatu ditu herriko Turismo Bulegoak, Bergara monumentala izenpean. Hain zuzen, uztailaren 16tik abuztuaren 31ra bitartean egingo dute hori.

Ostera, era askotako txokoak bisita daitezke Oñatin. Horien artean dira Arrikrutz kobak; lurpeko munduaren bidez, historiaurrera bidaia daiteke haren bidez. Eta, era berean, Arantzazu inguruak –santutegia, adibidez– eta Txokolateixia –txokolatearen interpretazio gunea– ezagutu ahal izango dira udaldian. Horretan geratu barik, gainera, zenbait bisita gidatu ere egingo dituzte, Oñatiko altxorrak izenpean, herriko txoko ezberdinak ezagutaraziz. –Sancti Spiritus Unibertsitatea, parrokia...–.

Eta, nola ez, udaldian ere egongo da eskaintzarik Leintz Gatzagan, Gatz Museoa erdigunean. Bertan, gatzaren ingurukoak ezagutu ahal izango dituzte bisitariek. Asmo horrekin, museoa uztailetik abuztura, asteartetik igandera, egongo da irekita.

Aurrekoez gain, bestetik, erroturik duten eskaintzarekin dihardute Elgetan: ibilbide tematikoan murgilaraziko dituzte bisitariak, memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginean –1936-37ko gerran herriko magalean izandako erresistentziari buruzkoak ezagut daitezke bertan–. Horretarako, bisita bereziak eskainiko dituzte uztailean; ostiraletan –11:00etan eta 16:00etan– eta larunbatetan –11:00etan–, zehazki. Aurrez eman behar da izena.

Eta, zelan ez, ibarreko gainerako herrietan ere bada turismo eskaintzarik. Esaterako, Lezetxiki –uztailak 20, 21 eta 22– eta Udalako kobak –abuztuak 3– ezagutzeko bisitak antolatu dituzte Arrasaten. Eta gurdi ibilaldirako aukera eskainiko dute Urkulun (Aretxabaleta). Horiez gain, bestetik, hor daude Aramaioko Albina urtegiko egunpasarako aukera eta Antzuolako mendi ibilaldiez gozatzekoa – Uzarraga, Galartza, Lizarraga eta Irimoegi Goenan barrenako bidea dago, besteak beste–.

Jardunaldi gastronomikoak

Eta bada aldian aldirako antolaturiko hitzordurik ere. Tartean, Debagoieneko 29. Jardunaldi Gastronomikoekin dihardute zenbaitek; domekara arte dago menu bereziez, bisitez... gozatzeko aukera. "Halakoak baliagarri dira turismo eskaintza aberasteko. Eta Debagoienearen izena zabaltzen ere laguntzen dute, gainera", dio Erizek.

'Ezkutuko altxorrak'

Gainera, udaldian, ohiko turismo eskaintzan ez diren zenbait txoko ezagutarazi gura dituzte arduradunek, Ezkutuko altxorrak ekimenaren bidez. "Balioan jarri gura ditugu leku horiek", azaldu du Erizek. Hala, eskaintzen artean dira Arrasateko Lauaxeta, Naparrena, Gesalibar eta Garagartza arteko mendi ibilaldia –uztailak 7–, Gipuzkoako urre zuria, Leintz Gatzagako gatza izenekoa –uztailak 8–, Arte erlijiosoa Bergaran bisita –abuztuak 11–, Arrasateko Kurtzetxikira mendi-ibilia –abuztuak 12–, Elgetako Erdi Aroko bizitza antzeztua ekimena –irailak 8– eta Antzuola, izan zena eta oraina delakoa –irailak 9–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak