Oporrak hartu ditu dagoeneko Kepa Errastik, eta "sentsazio onekin hartu dituela" dio, aurreko astean Donostian Erlauntza antzezlana arrakastarekin estreinatuta. Urte emankorra izan du Aretxabaletakoak, proiektu ugari gauzatu ditu –pertsonalak eta taldean egindakoak–, eta hainbat sari lortu ere bai.
Bergarakoa ere gustura da antzezlan berriarekin. Urte "betea" eta "emankorra" izan du Gabilondok ere, ezin, baina, oraindik oporrik hartu esku artean dituen proiektuei azken ukituak eman barik: "Fernando Bernuesek zuzenduko duen lan berriarekin ari naiz, batetik, eta udazkenean zuzenduko dudan ikuskizuna prestatzen ere bai".
'Dramaturgia berria' laborategia
Donostia 2016 ekimenaren barruan sortutako egitasmoa da Dramaturgia berria, eta Erlauntza antzezlana haren baitan abiatu zutela azaldu du Errastik: "Aurkeztutako proiektuen artean hiru aukeratu zituzten horien gidoia garatzeko, eta horietatik bi aukeratu zituzten gero, Donostiako Victoria Eugenia Antzokiak, Gasteizko Antzoki Zaharrak eta Bilboko Arriaga antzokiak ekoizteko: nik idatzitako Erlauntza da bat, eta Tamara Gutierrezek idatzitako Galerna da, bestea, hain justu, urtarrilean estreinatuko dutena".
Bergarakoak laborategi horretan jardun du, Patxo Telleriarekin batera, tutore lanetan. “Keparen testua eta antzezlanaren prozesu osoa hasieratik jarraitu dugu Telleriak eta biok, haren alboan izan gara gomendioak ematen eta lana bideratzen. Ondoren, Galerna eta Erlauntza ekoiztea erabaki zutenean, Errastirena zuzentzeko proposatu zidaten, eta Errasti izan dut zuzendari-laguntzaile".
Aurrez ere elkarrekin lan egindakoak dira –Treblinkara azken trena lanean, adibidez–, eta oraingoan ere, ondo moldatu direla diote: "Lan talde polita sortu da, orokorrean, modu naturalean, errez, egin dugu elkarrekin lan, eta esango genuke, energia hori nabaritzen dela taularen gainean".
Hiru euskal antzokik , Vaiven producciones konpainiarekin batera, ekoiztutakoa bada ere, lanerako askatasun osoa izan dutela diote biek ala biek, eta txalotu eta eskertu egin dute Dramaturgia berria moduko proiektuak bultzatzea. " Interesgarria eta beharrezkoa iruditzen zaizkit horrelako ekimenak euskarazko testuak idaztera bultzatzen dutelako, batetik, eta, era berean, idatzitakoak tiraderan ahaztuta gera ez daitezen".
Komedia bai, baina, garratza
Txikitatik elkar ezagutzen duten neska koadrila bat da istorioko protagonista; landetxe batera joango da asteburu pasa, horietako baten ezkontza aurreko agurra ospatzeko, eta nesken arteko harremana ona den arren, urteetan elkarri esan barikoek eta esandakoek, alkoholak, drogrek eta bestelakoek asteburua zoroa bihurtuko dute. “Gidoia idazterakoan hori zen premisa nagusia, hau da, zer gertatuko litzatekeen betiko lagun-koadrila baten elkarri sekula esan barikoak esaten hasiz gero. Ikuslea identifikatzen den istorioa da, halaxe esan ziguten aurreko asteko emanaldietan izan zirenek. Norbanakoari edo albokoari gertatutakoak bizi zituztela esan ziguten”, dio Errastik, eta zera gaineratu du Gabilondok: "Komedia garratza da, barruko gauzen inguruan hitz egiten da, tonua aldatuz. Negar malkoren bat edo beste ere ateratzen da. Nik bota ditut batzuk, baina, aldi berean, barre batzuk ere bai".
Aspaldiko lagunak dituzten sei emakume-aktore aukeratu zituzten istorioko koadrila osatzeko: Itziar Atienza, Aitziber Garmendia, Sara Cozar, Getari Etxegarai, Leire Ruiz eta Naiara Arnedo. "Izen batzuk oso garbi genituen; zorionez Euskal Herrian adin horretako aktore asko daude, euskaraz eta gazteleraz ondo moldatzen direnak".
Irailean, gaztelerazkoa
Donostiako Antzoki Zaharrean eskainiko dute irailaren 7tik 9ra bitartean; azaroan Gasteizen izango dira bi bertsioekin, eta urtarrilean, Bilbon.