Etapa garaipena eta anbulantzia, dena batera

Xabier Urtzelai 2018ko uzt. 27a, 12:00

Euskadi Murias taldeko Julen Irizarrek profesional mailako lehenengo garaipena eskuratu zuen joan den eguenean, baina, bi etapa geroago, anbulantzian esan behar izan zion agur Portugalgo Sari Nagusiari.

"Etxera iritsi berri gara, eta bizikletan buelta bat ematera joan naiz, gorputzak zelan erantzuten duen ikusteko". Julen Irizarren berbak dira (Bergara, 1995), aste barruan, taldeak azken astean Portugalgo Sari Nagusian lan txukuna egin eta gero. Azken astean, taldeko beteranoenak Sierra Nevadan Espainiako Itzulia prestatzen dabiltzan bitartean, Euskadi-Muriasko gazteak protagonista izan dira Portugalen. Bergarakoak, baina, 48 orduan txirrindularitzaren bi aurpegiak bizi behar izan ditu, onerako eta txarrerako.

Irizar eta Barthe 

Antzuola Saria eta Uzarragako Igoera irabazi dituen Cyril Barthe taldekidea podiumaren bueltan ibili da Portugalgo Sari Nagusiko hainbat etapatan, eta Irizarrek profesional mailako lehen garaipena eskuratu ahal izan du. 

Bigarren etapan izan zen, Castro Daire eta Pedrogao Grande artean egindako lasterketan. Bergarakoa eguneko ihesaldian sartu, eta atzetik jarraika zetorkion tropelari hainbat segundoko aldearekin irabazi ahal izan zion zeingehiagoka: "Hiru txirrindulari gindoazen ihes eginda, abantaila politarekin. Zoritxarrez, ezbehar baten ondorioz, gutako bat, Txomin Juaristi, lurrera erori zen [ura emateko ziklistengana gerturatu zen Muriasen autoak Txomin Juaristiren gurpila ukitu eta lurrera bota zuen]. Haren zain geratu ginen, eta tropelak tarte handia jan zigun. Zorionez, baina, indartsu sentitzen nintzen, aurrera egin nuen, eta helmugara arte iritsi".

Lehen garaipena 

"Poztasun handia sentitu nuen, baina ez beste aparteko ezer", dio, erabateko naturaltasunarekin: "Bi urte daramatzat Euskadi Muriasen, eta banuen profesional mailan garaipen bat eskuratzeko gogoa, baina obsesionatu barik. Bada, oso pozik nago lortutakoarekin, baina egia da lorpena bere mailan jarri behar dugula, lasterketan World Tourreko taldeak falta ziren eta", dio, umiltasunez. 

Izan ere, maila goreneko taldeak beste borroka batzuetan dabiltza: "Kontinental profesional izateak aukera ematen digu World Tourrekoak diren taldeekin lehiatzeko lasterketa batzuetan. Beste itzuli batzuetan, berriz, gure kategoriako taldeen eta kontinental mailakoen kontra borrokatzen gara, eta Portugalgo Sari Nagusia halakoxea izan da. Dena dela, ez pentsa garaipenari meritua kentzen diodanik, gaur egun edozein lekutan da-eta zaila besoak altxatzea", dio bergararrak, umorez.

Laugarren etapan, lurrera 

Garaipenaz gozatzeko tarte handi barik, baina, laugarren etapan ziklismoaren beste aurpegia bizi izan zuen, asfaltoaren gogortasuna sufritzearena: "Erorikoak izan ditut lehen ere, eta min hartu izan dut, baina uste dut sekula ere ez dudala buruan halako kolpe handirik hartu". Bergarakoak konortea galdu zuen, eta konturatu zenerako anbulantzian zegoen, lasterketatik kanpo: "Momentuan, larritu egin nintzen, zelan erori nintzen, bi egun lehenago etapa bat irabazi izana... ez nintzen ezertaz akordatzen. Zorionez, minutu gutxi batzuetako kontua izan zen". 

Bosgarren garaipena 

Erorikoaren ondorioz, kolpatuta du gorputza: "Pena handia dut, sasoi puntu onean nengoelako eta ez dakidalako gorputzak zelan erantzungo duen". Atzo, eguena, Ordizian jokatutako Klasikoan parte hartzeko asmoa zuen: "Ea sentsazio onak ditudan, nahiz eta gorputza handituta daukadan. Datorren astean dugu Getxon lasterketa, eta hor ondo egon nahiko nuke".

Erlazionatuak

Julen Irizarrek garaipena eskuratu du Portugalen

Itziar Larrañaga Sarasola 2018 uzt 19 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak