Ikasturteko azken hitzorduan, Espainiako Txapelketan, lortu du denboraldi hasieratik amestu duen hori Maialen Axpek (Arrasate, 1993): abuztuaren 6tik 12ra bitartean Berlinen jokatuko duten Europako Txapelketarako sailkatzea. Atletico San Sebastian taldeko atletak joan den domekan 4,45 metroko saltoa egin zuen Getafen; txapelketan urrea lortu zuen Monica Clementek eta berak lortu zuten gutxieneko marka egitea, eta balio gabeko saltoen aldeagatik zilarra jantzi zuen Axpek. Malen Ruiz de Azuak osatu zuen podiuma, 4,35 metroko saltoarekin.
Berlinerako gutxieneko marka egin zenuen unean, esanguratsua izan zen Monica Clementerekin emandako besarkada.
Bai, oso momentu berezia izan zen. Lau atleta iritsi ginen 4,35eko markara, eta egia da azkenera arte borrokan geratu ginen atleta horien artean giro polita sortu zela. Bada, 4,45ekoa egindakoan, besarkada hura berezia izan zen, biok lortu genuelako gutxieneko marka gainditzea. Azken batean, atleton artean badakigu iritsi garen lekura iristeko zein lan dagoen atzean, eta urte askotako harremana dugu, txapelketetakoak, kontzentrazioetakoak... Polita izan zen, bai.
Jakinekoa zen Getafen zenutela Berlinerako azken geltokia.
Eta azken geltokiko azken saiakeran lortu nuen 4,45eko marka egitea [Barre], hirugarren saltoan. Ez zen txapelketa erraza izan, balio gabeko salto asko egin nituen, eta aurrera egitea asko kostatu zitzaidan.
Kontziente zara abuztuko oporraldi barik geratu zarela?
[Barre] Abuztu erdira arte bai, behintzat. Uste dut merezitako saria dela Berlinera joatea, eta ondoren entrenatzailearekin erabaki behar dut zer egin. Abuztu amaieran Iberoamerikako txapelketa dago, baina horra dominengatik borrokan ibil daitezkeenak joango dira, eta oso zaila izango da horien artean egotea. Dena dela, Berlinera joatearren ez daukat opor barik geratzeko arazorik.
Izan ere, neurri handian, sorpresa izan da marka on hori egin ahal izatea.
Bai; urte osoan helburu horren bila ibili eta gero, eta azken txapelketa izanda, asumituta nuen Espainiako Txapelketaren ondoren denboraldia amaitu zitekeela.
Gizonezkoekin alderatuta, emakumezkoek zortea izan zenuten aldeko.
Bai. Gizonezkoen txapelketa zapatuan izan zen, eta horiek haize zakarra izan zuten kontran. Domekara begira, berriz, etengabe eguraldi iragarpena begiratzen ibili ginen; guk zortea izan genuen, kondizio oso onetan egin genuelako txapelketa.
Batek baino gehiagok galdetuko zizun: non dago sekretua?
Ez dago sekreturik: lana, lana, lana eta lana. Urte osoa egin dut Europako Txapelketan egoteko gogor entrenatzen. Egia da txapelketa hasten dugun momentutik amaierara arte hainbat orduz kontzentratuta egon behar izaten dugula, eta hori ez dela erraza. Alde horretatik, norberarengan sinistea ezinbestekoa da, eta urtean zehar egindako lanaren gainean konfiantza izatea.
Txapelketan zer da erabakigarriena? Arlo fisikoa, teknikoa ala egun horretan burua erabat motibatuta eta zentratuta izatea?
Dena multzo bat da. Txarto entrenatu bazara, zalantza handiak dituzu, ez dakizu zelan egongo zaren... Eta, aldi berean, aurretik lan galanta egin baduzu, presioa ere handiagoa izaten da; izan ere, badakizu hanka sartzen baduzu ondorengo kolpea handiagoa izango dela. Baina lana ondo egiteak ere konfiantza ematen du, eta hori oso lagungarria izaten da.
Berlin. Europako maila absolutuko Europako Txapelketak. Zein da helburua?
Helburu nagusia nire marken bueltan ibiltzea izango da, eta, noski, horiek hobetzen ahaleginduko naiz. Garbi daukat finalerako sailkatzea oso zaila izango dela, oso maila handiko atletak egongo direlako bertan. Ez dakit finalerako sailkatzeko gutxieneko saltoak zenbatekoa izan beharko duen, baina nire marka pertsonala ondu beharko dudala, seguru.