Ulmak jakinarazi duen moduan, Forjas de Lazcano enpresa duela 7 urte baino gehiago erosi zuen ULMA Pipingek, "konpainiak zailtasunak zituen unean". Eragiketa horren ondoren, ULMA Lazkao Forging izena hartu zuen enpresak, eta posizionamendu komertzial berria bilatzen zuen plan estrategiko bat abian jarri zen, inbertsio programa sendo batean oinarrituta. Hori dena enpresa suspertzeko asmoarekin. ULMA Lazkao Forging berriaren jarduera suspertzeko ekindako ekintzen ardatz nagusietako bat zen eskakizun zorrotzeko sektoreen alde egitea, hala nola industri balbula, turbinako alabe edo aeronautikako osagaien sektoreen alde. "ULMA Piping Oil & Gasaren sektorerako ari zen nagusiki, eta dibertsifikazio horrek aukera gehiago ematen dizkigu eta arlo batean kontzentratuta egoteak dakarzkigun arriskuak murrizten dizkigu".
Ulmak bidalitako prentsa oharrean Pipging-eko gerente Jesus Urienek adierazi du hasierako helburua zein zen: "ULMA Lazkao Forging –Forjas de Lazcano enpresa zaharra– ULMA Piping proiektuan sartu genuenetik, garbi eduki dugu integrazioa honekin amaitu behar zela prozesua. Bikoiztasunak kenduta aurreztuko denaz gain, bat egite honekin egonkortasun handiagoa emango zaie bai enpresaren jarduerari bai enpresako langileei, eta errazagoa izango da, baita ere, gure helburu estrategikoekin bat etortzea”.
Oñatiko kooperatibak azaldu duenez, Ulma Pipingek, Oil & Gas sektorerako osagarri forjatuetan, bridetan eta fittingetan munduko liderra dena, Ulma Lazkao Forging xurgatu eta harekin bat egitea onartu du. Horrekin batera hasiera ematen zaio, baita ere, ULMA Lazkao Forgingeko enplegatuak Ulma Pipingeko bazkide kooperatibista bihurtu eta egungo beste bazkide guztien eskubide berberak edukitzeko prozesuari.