Urriaren 6tik 13ra bitartean jokatuko dituzte Buenos Airesen gazteen Olinpiar Jokoak, eta bertan izango da Mikel Linazisoro eskalatzailea. Bergarakoak urte hasieratik darama hitzordua prestatzen, udaberrian Barru saioan adierazi zuen moduan, eta hitzordua gerturatzen dabilen neurrian Linazisororen egutegia gogortzen dabil. Bada, datozen hilabeteotarako lan dezente izango du Bergarakoak, eta dagoeneko hasi da txapelketetan emaitza onak batzen. Esaterako, uztail hasieran Munichen jokatu zuten Europako Kopa barruko proba, eta zailtasun modalitatean Linazisoro gailendu zen.
Hala, azken lan-saio horretan batutako puntuei esker Linazisorok hirugarren postuan amaitu du txapelketa, eta merituzko postua da, bergararrak 18 urte bete berri dituelako, eta lehiakideen artean gazteena da.
Abuztua, hitzorduz beteta
Datozen asteotan bergararrak ez du atsedenik izango:
- Abuztuaren 9tik 16ra bitartean gazteen Munduko Txapelketa, Moskun. Boulder eta abiadura modalitateetan lehiatuko da.
- Abuztuaren 21etik irailaren 2ra bitartean Europako gazte mailako Txapelketa, Bruselan.
- Irailaren 6tik 16ra Munduko Txapelketa absolutoa, Innsbrucken.
- Urriaren 6tik 13ra bitartean gazteen Olinpiar Jokoak, Buenos Airesen.