Elai Alai elkarteak antolatzen duen Nazioarteko Folklore Jaialdiaren lagin bat izango da aurten ere ibarrean: Irlandako musika eta dantzak etzi, martitzena, Monterron parkean, 22:30ean; eta Irlandakoekin batera, Thailandiako dantzari eta musikariak, Bergarako San Martin plazan, uztailaren 26an, eguena, 19:00etan.
Sei herrialde gonbidatu dituzte
Irlandako eta Thailandiako taldeez gain, Panamako, Kenyako, Nikaraguako eta Errusiako Altai eskualdeko talde bana gonbidatu dituzte aurten, eta, horiekin batera, Portugaleteko Elai Alai dantza taldeak osatuko du aurtengo eskaintza.
Elai Alai elkarteak hainbat elkarterekin eta udalekin kolaboratzen du; hori horrela, jaialdiak irauten duen bitartean, gonbidatuei beste herri batzuetan erakustaldiak lotzen dizkiete. Euskal Herrian dauden egunetan, bisita turistikoak eta bestelako ekimenak antolatzen dizkiete gonbidatuei. Adibidez, astelehenean, lehendakariarekin elkartuko dira; ekintza guztietarako, 200 laguneko lantalde boluntarioa dute Elai Alaikoek alboan.
Irlandarrak, birritan gurean
Belfastekoa da Irlandako dantza tradizional baten izena duen Trim the Velvet taldea. Jaioterriko dantza tradizionalak dituzte ezaugarri, eta, bat izan ezik, neskak dira dantzari guztiak. Sei musikari izango dituzte lagun: biolin-jole bat, Irlandako flautajole bat, gitarra-jole bat, akordeoijole bat eta bodrahnj-jole bat; hau da, Irlandako danborra jotzen duen musikaria. Arrasaten eta Bergaran saio bana egingo dute; saio ezberdinak izango direla diote Elai Alaikoek.
Elezaharrak, dantzekin kontatuta
Thailandia ekialdeko Chantaburi probintziako Benchamarachuit hiriko dantza taldeak partekatuko du Irlandakoekin Bergarako oholtza. Jatorrizko musika tresna tradizionalekin girotuta, herri-istorio eta elezaharrak kontatzen dituzte dantza bizien bitartez. "Dantza askoren ezaugarri dira besoen, eskuen eta hanken mugimenduak, hegaztien eta animalien berezko mugimenduen itxurakoak direnak; oso sentsualak", diote antolatzaileek.