Sortzaile berrien lanak bultzatzeko asmoarekin

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko uzt. 22a, 16:52

Artista Berrien Programako erakusketako sortzaileak. Argazkia: G.F.A.-Koldo Mitxelena Kulturnea

Mikel Escobales aretxabaletarraren eta Arrasateko Alazne Zubizarretaren artelanak irailaren 8ra bitartean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean daude ikusgai, Foru Aldundiak bultzatutako Artista Berrien Programaren baitan antolatutako erakusketan.

Otsailean egin zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Artista Berrien Programan parte hartzeko deialdia; helburua da lurraldeko artista gazteen lanak sustatzea. Halaxe adierazi zuen Kultura diputatu Maria Jesus Telleriak Artista Berrien Programako erakusketako aurkezpenean. "Hemengo talentua sustatzea da helburu nagusia, talentua baita kulturaren lehengaien artean nagusiena, eta horren gainean eraikitzen da gizartearen berrikuntza eta aurrerapena".

35 urtez azpiko hamasei lagun aurkeztu ziren eta horietatik zortzi aukeratu zituzten uztailaren 5a ezkero eta irailaren 8ra bitartean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean ikusgai dagoen erakusketa kolektiboa osatzeko; horien artean daude Aretxabaletako Mikel Escobales eta Alazne Zubizarreta arrasatearra.

Askotariko diziplinatako lanak

Aldundiak dio zortzi artisten lana sakonean ikusteko aukera ematen duela bildumak. Askotariko proposamenak daude, formatuari, ideiei nahiz erabilitako teknikei dagokienez: margolanak, instalazioak, marrazkiak, argazkiak...

Leyre Goikoetxea eta Garazi Ansa dira erakusketako komisarioak, eta, Debagoieneko sortzaileei buruz galdetuta, zera dio Ansak: "Zubizarretak, batez ere, grabatuak eta eskuz zein ordenagailuz margotutako lanak ekarri ditu, eta baita zeramikazko eskultura gutxi batzuk ere. Escobalek, berriz, bereziki, instalazioak ditu. Metakrilatoarekin eta bestelako materialekin sortutako piezak dira; piezen kokapenarekin ere asko jokatzen du, ezohiko tokietan jarri ditu: lurrean edota sabaian. Ikusten denarekin eta ikusten ez denarekin jolasten du".

Laguntzarekin eskertuta

3.900 euroko saria jaso dute artistek, eta, horrez gainera, Donostian erakusteko aukera; Escobalek dio horrelako programak beharrezkoak direla euren lana ikusgarri bihurtzeko: "Atzerrian bizi izan naiz eta iruditzen zait Euskal Herrian diru laguntzak hobeto kudeatzen direla. Arazoa da, baina, mekanismo horrek eszena bat eraikitzeko joera duela, eta ez da ona hori".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak