Bertako txakolina dastatzeko aukera

Josu Bilbao Atxutegi 2018ko uzt. 20a, 09:16

Debagoieneko V. txakolin Eguna ospatuko dute bihar, zapatua, Arrasaten. bailaran ekoizten diren eta Getariako jatorri izena duten hiru txakolin gozatzeko eta erosteko eta Eusko Labeleko hegaluzea dastatzeko aukera izango dute herritarrek.

Debagoieneko Mankomunitateko Turismo Sailak, Deba Garaia Landa Garapenerako Elkarteak eta Arrasateko Udalak elkarlanean antolatu dute biharko Debagoieneko V. Txakolin Eguna. Hileroko baserritarren azokarekin batera, bertako txakolina dastatzeko aukera aparta egongo da bihar, Seber Altube plazan.
 
Guztira, ibarreko hiru txakolin-ekoizle izango dira azokan. Oñatiko Murgialdai eta Upaingoa eta Arrasateko Bedoña auzoko Otxia. Horrez gain, 12:00etatik aurrera, Eusko Labela duen hegaluzea dastatu ahalko dute herritarrek. Hegaluze-pintxoak parrilan prestatuko dira eta Arrasateko Eskubaloi Taldea arduratuko da horiek banatzeaz. 500 hegaluze-pintxo banatuko dira, 1,5 eurotan bakoitza.
 

Murgialdai

Oñatiko Murgia auzoan ekoizten du txakolina Aritz Galdosek. "Nik ezagutu dudan urterik okerrena izan zen iazkoa. Orokorrean, Debagoienean, txarra izan zen. Apiril bukaeran izotza egin zuen eta horrek uzta baldintzatu zuen. Produkzio gutxi atera nuen, eta dagoeneko bukatu egin zait. Hala ere, bi kutxa gorde nituen bihar Arrasatera eramateko", dio Galdosek.
 
"Hurrengo urtera begira, ale asko irten dira mahastietan, baina egia da eguraldia hezea izan dela, eta, horrela, gaitzak errazago sortzen dira. Hala ere, uzta txukuna ateratzeko itxaropenarekin gabiltza", gaineratu du oñatiarrak.
 
Bestalde, biharkoa ibarreko txakolina aldarrikatzeko egun aproposa izango dela azaldu du Galdosek: "Gure eskualdeko Txakolin Eguna aldarrikapena egiteko modu polita da. Debagoienean txakolina badago eta historikoki egon izan da. Berreskuratu nahian gabiltza bailaran egon zen txakolingintza eta mahasti-zaintza. Hori da egun horrek duen garrantzitsuena, Debagoieneko txakolin propioa aldarrikatzea".
 

Otxia

Arrasateko Bedoña auzoan ditu Felix Etxagibelek mahastiak: "Ondokoei eta albokoei hainbeste saiatzen garen gauzak egitea beti da pozgarria. Debagoiendarrak txakolinzaleak gara, baina, batez ere, hemendik kanpo gabiltzanean. Hala ere, aurreko urteetatik salmentek gora egin dutela aipatu behar da".
 
Urteetan izendapenetik kanpo egon ostean, bailarako txakolin ekoizleek, borrokatu ostean, Getariako txakolinaren jatorri izenaren barnean sartzea lortu zutela gogorarazi du Etxagibelek: "Izendapen bakoitzak mahats mota batzuk ditu onartuta, hondarribi zuria izaten da %95.Esperimentalki egin daitezke batzuk, baina produkzio aldetik araututa daude mugak, eta horiek bete behar ditugu Getariako Txakolinaren jatorri izenaren barruan egoteko".
 
"Iaz izozteek kalte handiak sortu zituzten eta aurten euri asko botatzen ari da. Horiek lore garaian kalteak ekartzen dituzte. Hezetasunaren borroka oso borroka latza da, gainera. Ni mahasti ekologikoan ibiltzen naiz, eta oso mugatuta nago, mahats barruan sartzen ez diren produktuak bakarrik erabili ditzakedalako. Beraz, uztaren zati bat galdu egingo dela onartu behar izaten dut", azaldu du Otxia txakolinaren ekoizleak.
 

Upaingoa

Bihar, bi txakolin mota eroango dituzte azokara Upaingoa-ko arduradunek. "Upaingoa, 2016ko uztako txakolina, alde batetik, eta Upainberri deitu dioguna, 2017koa, bestetik. 2016ko txakolina mahairako izango litzateke gehiago, ardo zuriaren antz handiagoa du. Upainberri, berriz, freskoagoa izango litzateke, urtekoa. Egia da iazko uzta urria izan zela, eta arazoz betea. Hala ere, gustura gaude emaitzarekin", dio Jose Mari Arzelusek.
 
Mahastiak mahats-alez beteta daudela eta uzta polita izan daitekeela nabarmendu du Arzelusek: "Aurten ondo loratu zuen mahatsak, eta nahiko ondo datorrela esan daiteke. Hemendik aurrera egingo duen eguraldiari begira egongo gara; hala ere, egia da gehiegizko hezetasunak kalte egin diezaiokeela"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak