2018ko Etorkizuna Eraikiz diru laguntza deialdiak 23 proiektu berritzaile finantzatuko ditu; hiru Debagoienean. Guztira, 84 egitasmo aurkeztu dira deialdira, lurraldeko 100 eragile sozial eta ekonomiko ezberdinen eskutik. Orotara, 700.000 euroko aurrekontua bideratuko da proiektu horietara. Horren berri eman zuten prentsa agerraldian Gipuzkoako diputatu nagusia den Markel Olanok, Kudeaketa Estrategiako foru zuzendari Sebas Zurutuzak, UPV/EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreorde den Agustin Erkiziak eta Pasaiako Itsas Gelako arduradunak, Izaskun Suberbiolak.
Prentsaurrekoan, Markel Olanok gogoratu zuen, Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren zutabeetako bat denon artean eta gaurtik hasita etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzea dela: "Azken finean, Gipuzkoako eragile ekonomiko eta sozialekin lankidetza bidea irekitzeko beste modu bat, eta honen bitartez etorkizuna eraikitzeko ahalegin partekatu horretan herritar gehiago inplikatzea lortzen dugu".
'Elkar-Ekin' egitasmoa
Eskualdeko administrazio, heziketa zentro, garapen agentzia eta enpresen artean gizarte bazterkeria ekiditea da Elkar-Ekin egitasmoaren erronka nagusia. Bederatzi proiektu garatuko dira Gipuzkoako eskualde ezberdinetan, tartean bat Debagoienean, Mankomunitatearen eskutik.
Horrez gain, beste bi proiektu
Elkar-Ekin testuinguruan kokatzen diren bederatzi proiektuez gain, beste 14 lagunduko ditu diruz Aldundiak. Horietako bi Debagoienean garatuko dira: HUHEZI, Mondragon unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, Debagoiena gizarte berrikuntza plataforma: entzute komunitarioa izango du esku artean.
Azkenik, hirugarrena, Debagoieneko mankomunitatearen HEZ-IN eredua da. Honek, Prestakuntza eskaintza enpresen beharretara gerturatzea eta gazteen orientazio profesionala hobetzea ditu helburutzat.