Esklerosi anizkoitzaren alde bustitzera gonbidatu dituzte herritarrak

Mirari Altube Arrese 2018ko uzt. 8a, 12:28

Busti Zaitez kanpaina deitu du ADEMGI elkarteak gaurko, uztailak 8, esklerosi anizkoitza duten gaixoekin bat egiteko. Bustitzera deitu ditu herritarrak beste urte batez, eta Arrasateko Musakolako igerilekuan 15:00ak arte egongo da horretarako aukera. Oñatin ere jarri dute argibideak emateko gunea.

Gipuzkoako hamahiru herritan jarri dituzte ADEMGI elkarteko kideek informatzeko guneak; dagoeneko hamaseigarrenez izango dira kalean argibideak ematen. Kanpaina honek helburu bikoitza du: batetik, gizartea sentsibilizatzea eta gaixotasun neurologiko honen gaineko argibideak ematea; eta bestetik, ADEMGIk gaixotasun neurologikoen zentroan gaixoei eskaintzen dien birgaitze zerbitzua finantzatzeko dirua lortzea. Horretarako hain zuzen kamisetak jarri dituzte salgai.

Debagoienean 25 kasu

EAEn 2.500 gaixo daude, horietatik 700 Gipuzkoan eta debagoiendarrak 25 dira, ADEMGIren esanetan. Horietako bat da Jose Luis Calvo oñatiarra. Hamar urte baino gehiago pasatu dira gaixotasuna diagnostikatu ziotenetik. Izan ere, heldu gazteei eragiten dien gaixotasun neurologikoa da esklerosi anizkoitza: "Mareotxo batzukin hasi nintzen eta proba batzuk egin ostean esan zidaten zer neukan", dio eta gaineratu du: "Hasieran ez nion hainbeste igarri, baina urteek aurrera egin ahala broteak edo agerraldiak gero eta gehiago dira, eta eragina handiagoa. Lana ere utzi egin behar izan nuen".

Gaixotasun sendaezina da eta gaur egun sintomak arintzeko tratamenduak bakarrik daude: "Horretarako oso garrantzitsua da erreabilitazioa. Bai ADEMGIk eskaintzen diguna, bai norberak egiten duena. Mugitzea, kirola egitea, benetan dira inportanteak", argitu du.

Oraintsu jakinarazi dute esklerosi anizkoitzaren agerpena atzeratzeko aurkikuntza garrantzitsua egin dutela EHUko ikertzaile batzuk. "Beti dabiltza gauza berriak sortzen; azken egunotan ere irakurri dut aurrerapenen bat egin dutela, eta behar bada egunen baten ailegatuko da, baina oraingoz…", dio Calvok. 

ADEMGI Gipuzkoako elkartearen, etxekoen eta lagunen babesa benetan garrantzitsuak direla gaineratu du oñatiarrak, eta oso eskertuta agertu da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak