Asier Garitano: "Limitera eroango ditugu jokalariak"

Xabier Urtzelai 2018ko uzt. 6a, 18:00
Asier Garitano, aste barruan, 'Barru' saiorako Angiozarren egindako hitzorduan.

Angiozarrera bidean, Asier Garitano (Bergara, 1969) adi doa irratia entzuten, esatariak Neymarren golarekin eztarria urratzen duen bitartean –Brasilek 2-0 irabazi dio Mexikori–. Realeko entrenatzailea gertutik dabil jarraitzen Munduko Kopa, baina Angiozarren ez dago kobertura onik. Jokin Etxanizekin elkartzearekin batera ahaztu ditu futbol kontuak. Izan ere, alebinetan, bi horiek Gipuzkoako pilota txapeldun izan ziren, elizpeko horman pilotan –eta futbolean– ordu mordoa egin eta gero: "Gaztetan, oso gutxi behar genuen pozik ibiltzeko; egungo gazteek, ordea...".

Realarekin fitxatu ondorengo zurrunbiloa atzean utzita, eta oporretatik bueltan, Reala zuzentzeko gogotsu? 

Bai. Aspalditik neukan garbi Realera etorri gura nuela. Leganesekin denboraldia amaituta, hiruzpalau aukera nituen, baina garbi neukan zein zen lehentasuna. Ilusio handia dut. Gainera, aurtengo oporraldia beste urte batzuetakoa baino laburragoa izan da, etxe aldaketarekin lanpetuta ibili garelako. Hasteko gogoz nago. 

Aste barruan batu zarete staff teknikoa Zubietan. Pozik ondoan izango duzun lantaldearekin?

Bai, pozik nago. Gutako bat oraindik Munduko Kopan dabil [Barre], baina pozik nago. Realeko ordezkariekin batu ginenean, argi geneukan zer zen gura genuena, eta Realekoak ere bat zetozen gure ideiekin. Postu bakoitzari izena jartzea geratzen zitzaigun. 

Izen horietako bat Beñat Labaien herrikidearena da.

Halaxe da, bai. Madrildik ezagutzen dut Beñat, Real Madril taldean bost urte egin zituelako, besteak beste, Morientesen laguntzaile, eta, ondoren, Ingalaterrara joan zen. Eta orain, Realera ekartzeko aukera izan dugu; oso prestatuta dagoen gaztea da, talentuduna, eta horixe da garrantzitsuena. Badakit, gainera, pozik dagoela.

Beñat Labaienekin, aste barruan, Zubietan. 

Jokalariekin lanean hastea geratzen zaizue.

Poliki-poliki hasiko gara, jokalariak ezagutu behar ditut lehenengo, baita haiek ni ere...

Halakoetan, nork egokitu behar du? Kanpotik datorren entrenatzaileak ala jokalariek eurek?

Entrenatzaileak daukan taldera moldatu beharra daukala esan ohi dut beti, baina jokalariek ere egin behar dute lan hori, talde moduan zein helburu dugun, zeintzuk diren gure erronkak, zein den gure lan egiteko modua... Hor jokalariek eskaera berrietara moldatzeko ahalegina egin behar dute, zalantza barik.

Dagoeneko diseinatu duzue denboraldi-aurrea, eta nobedadea da ez zaretela kanpora joango. 

Bai; beste urte batzuekin alderatuta aldaketa hori egin dugu, Zubietatik kanpora joateari ez geniolako inongo abantailarik ikusten. Horrela, taldeak ez du bidaiarik egin beharko, eta Zubietan daukagu beharrezko guztia.

Partidu bat, gainera, Bergaran jokatuko duzue. Berezia izango da.

Bergararen urteurrena dela-eta partidua eskatu dute [uztailaren 28an izango da], eta Osasunaren kontra jokatuko dugu Agorrosinen. Duda barik, egun berezia izango da niretako. 

Taldea indartzeko fitxaketak egingo dituzue? 

Bai; taldea konpentsatzea falta zaigu, postu batzuetan larri gabiltza eta oreka falta zaigu. Baina lasai gaude; izan ere, Munduko Txapelketarekin, asko atzeratuko da dena. Orain, 16-17 jokalari ditugu, eta pozik nago daukagun taldearekin. Ikusteko dago, baita ere, orain taldean ditugun jokalari horiek guztiek jarraitu egingo duten edo ez.

Uztailak 11n Goiena Telebistak eskainiko duen 'Barru' saiorako Etxaniz eta Garitano batu ditu GOIENAk. Gipuzkoako pilota txapeldun izan ziren alebin mailan. 

Zuk esana da, Leganesko entrenatzailea zinenean, orokorrean realzaleok oso zorrotzak izaten garela taldearekin. 

Bueno, kanpotik, gauzak modu batera ikusten dira. Izan ere, nire ustez, Realak azken urteotan oso lan ona egin du. Akaso, urte batetik bestera gorabeherak izan dira, edo denboraldi berean oreka handiagoa falta izan zaie. Hori bilatzen ahaleginduko gara gu, betiere, azken urteotako lanari jarraipena emanda.

Onenen artean egoteko moduko taldea dauka Realak?

Puntu kopuruan, behintzat, aurreko horiek alde handirik izan ez dezatela, horixe da lortu behar duguna. Hau da, diferentzia horiek txikitu egin behar ditugu. Urtero egoten dira bizpahiru talde puntu asko batzen dituztenak, besteongandik oso urrun geratzen direnak, baina ea sailkapenean ondoren egoten diren hiruzpalau talde horien artean egoterik dugun. 

Zuk esandako beste bat: udako hilabete hauetako lana egiten zaizula gogorra, ondoren hamar hilabetez gozatu egiten duzula.

[Barre] Bai, halaxe sentitzen dut. Sasoi honetan, fitxaketen gainean egon, klubeko jendea ezagutu, bestelako lanak egin... Nahikoa zeregin izaten dugu. Ondoren, liga hasten denean, nik gozatu egiten dut. Lehiaketan ibiltzen naiz ni gustura.

Azken urteotan izan dituzun lorpenak ikusita, esaten diozu zeure buruari: "Asier, txarto ohitzen habil...".

Ez, ez... egindakoari ez diot buelta handirik ematen; hortxe dago, beste barik. Aurretik datorren horretan jartzen dut indarra.

Asier Garitano Zubietan, eguen eguerdian.

Garaipen gosea duten jokalariak fitxatzen ahalegindu zara beti. Realean, jokalariei entzun izan diegu Donostian ondo bizi direla. Akaso, norbait haserretu egingo da, baina Realeko jokalariei gose hori falta zaie?

Ikusi egin behar... Egia da Donostia leku ona dela bizitzeko, jokalariek urte asko egiten dituztela klubean eta lasaitzearena gerta daitekeen zerbait dela. Uste dut azken hamabost urteetan hogeita bi entrenatzaile izan dituela Realak, eta datu esanguratsua da hori, zerbaiten seinale. Gure partetik, jokalariak limitera eramango ditugu. Xabi Prietori entzun nion futbolean egindako urte batzuk zerbait irabaztearekin aldatuko lituzkeela. Hamalau urtez egon da Realean eta ez du titulurik irabazteko aukerarik izan. Hausnartzeko moduko esaldia da.

Munduko Txapelketan hainbat ordezkari izan ditu Realak. Zer lan egin dute?

Odriozolarendako hor egote hutsa oso esperientzia baliagarria izan da. Baina uste dut entrenatzaile aldaketa ez zaiola batere ondo etorri, ez du minutu bakar bat ere izan. Hala ere, Munduko Txapelketa batean egon izanak erakusten du maila goreneko jokalaria dela. Hector Moreno ondo ibili da; lehenengo bi partiduak ondo jokatu zituen. Eta Januzajek ez du askorik jokatu, baina egin duenean erakutsi du zer-nolako jokalaria den.

Odriozolaren etorkizunaren gainean etorri da albisterik aste barruan.

Normala da, talde guztietan gertatzen da hori. Hiru jokalari izan ditugu Munduko Kopan, horrek esan gura du jokalari onak direla eta taldeak egon daitezkeela euren klausulak ordaintzeko gertu. Futbolaren egunerokoa da.

Reala hainbat jokalariri kontratua luzatzen dabil.

Bai, eta mezu garbi bat helarazi gura da horrekin. Asier Illarramendi, Mikel Oiarzabal, Andoni Gorosabel, Lucas Sangali... Martin Merquelanz min hartuta egon da ia urte osoa eta ea zelan dagoen, Ander Guevara ere gertutik jarraituko dugu... Beti esaten dut jokalari horiek gertu egon behar dutela saltoa emateko. Ea denboraldi-aurrean jokalari gazte horiek daukatena erakusteko gai diren. 

Bergararrek bereziki jarraituko dute orain Reala. Momentu gozoetan, zure gertukoek gustura entzungo dituzte entrenatzaileari eskainitako loreak. Baina momentu zailetan...

Bai, eta ez dakit nik gertukoak horretarako prestatuta dauden [Barre]. Aitarekin, esaterako, egin dut berba gai horretaz; izan ere, gu dagoeneko ohituta gaude, badakigu lanbide hau zelakoa den eta zertarako prest egon behar dugun. Baina, etxekoendako, ezberdina izango da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak