Aritz Otxandiano: "Eredu bilaka gaitezke berrikuntza sozialean"

Iker Oñate 2018ko uzt. 6a, 11:30

Gizartearen beharrak erdigunean eta lankidetza oinarri, Debagoieneko Berrikuntza Plataforma eraikitzen dihardute zenbaitek. Epe luzera begirako egitasmoa litzateke.

Ibarreko kooperatiben hausnarketa oinarri, berrikuntza sozialerako urratsak egiten hasiak dira Bagara eta Agirre Lehendakaria Center. Besteak beste, Debagoienak dituen erronkei erantzuteko bitarteko litzateke berrikuntza plataforma. Eta, herritarren kezkak eta helburuak lituzke erdigunean. Horixe bera ezagutarazi dute asteon Garaia Berrikuntza Gunean egindako jardunaldietan; nazioarteko esperientziak ezagutu dituzte bertaratutakoek. Hori horrela, jardunaldiez, ibarreko berrikuntza plataformaz eta aurrera begirakoaz jardun du Aritz Otxandianok, Bagarako kideak.

Berrikuntza soziala erdigunean, nazioartean hainbat ekinbide ezagutarazi dituzue asteon.

Hala da. Ibarreko kooperatibok hausnarketa prozesua dugu martxan jarria. Besteak beste, Debagoienari ekarpen handiagoa egin guran gabiltza. Eta horretarako baliagarri liratekeen aukerak aztertu genituen. Ikusi genuen berrikuntza plataforma baliagarri dela horretarako. Beraz, horrekin dihardugu. Eta, horren barruan, oinarria eraikitzen hasi behar. Ba, nazioarteko esperientziak ezagutzea lagungarri da horretarako; hortxe, asteko ekintzaren oinarria. Kasuistika ezberdinetako esperientziak ekarri genituen gurera –herrialde garatuetakoak, garapen bidean daudenetakoak...–, halako plataformek eginak dituzten ekarpenak ikusarazteko. Eta, noski, ikasteko ere balio izan zuten jardunaldiok.

Eta baliagarriak dira esperientziok?

Duda barik. Testuinguru ezberdinak ezagutu ditugu. Egoera ezberdinak. Baina esan beharrekoa da plataformak oinarri metodologiko jakin batzuk dituela, berdinak, kasu guztietan: entzutearen garrantzia –komunitatearen parte hartzea dakar horrek–, proiektu bakartuetatik plataformarako jauzia –nor bere kabuz ibili beharrean, egitasmo ezberdinak konektatuko lirateke– eta eragileen arteko harremana. Beraz, horiek erdigunean dituela egokituko da plataforma dagokion herrialdeko testuingurura.

Oro har, gustura jardunaldiok eman dutenarekin?

Bai. Batetik, pozik gaude parte hartzearekin: jende askok egin zuen bat hitzorduarekin –askotariko eragileak izan ziren jardunaldietan–. Eta horiek mundu mailako esperientzia interesgarriak izan zituzten ikasgai. Hala jardun zuten eurek ere, adi. Eta jardunaldi bukaerako mahai inguruak utzi zuen horren islarik. Parte hartzaile ezberdinen arteko elkarrizketa aberasgarria piztu zen. Hein batean, horixe bera bultzatuko luke etorkizuneko berrikuntza plataformak.

Nola gauzatzen da berrikuntza plataforma?

Metodologia bat du oinarrian. Eta ez da urte bateko kontua; epe luzera begirako egitasmoa da. Hala, komunitatea entzuten hasi behar genuke, hortik, dimentsio ezberdineko egitasmoak sustatzeko: ekintza komunitarioak, jarduera ekonomikoari loturiko eskala txiki zein ertaineko ekimenak, erakunde publikoekin elkarlanean gara daitezkeen eskala handiko proiektuak eta politika publikoen berrikuntzara bideraturiko ekinbideak. Eragile ezberdinen eta ekintzaile sozialen arteko lankidetza lukete horiek oinarrian. Hori bai, lehen urtean, seguruenik, martxan diren egitasmoak konektatzea izango da erronka nagusia. Ostean sortuko dira ekinbide berriak.

Jada hasia duzue prozesua. Noiz jarriko duzue martxan plataforma?

Gaur-gaurkoz, asmoak eragileekin elkarbanatzea dagokigu. Eta udako oporrak bitartean jarraituko dugu horretan. Behin hori eginda, aurreikuspenen arabera, irailean ekingo genioke metodologiako lehen urratsari, entzuteari. Hori bai, esan moduan, epe luzeko ekimena da berrikuntza plataformarena. Bailara pixkanaka-pixkanaka joango da horren eraginak igartzen. Eta, asmoa da, urtetik urtera inpaktu handiagoa lortzea. Bailarako herritarrak ere nabariko du horren eragina, beraz. Noski. Komunitatea entzutea da berrikuntza plataformaren lehen urratsa, eragile eta norbanakoen kezkak, nahiak eta pertzepzioak ezagutzea. Proiektuaren norabidea zehazten lagunduko luke horrek. Eta, nola ez, fase horretan jasotakoak eragina luke martxan diren egitasmoetan. Finean, herritarren kezkak eta nahiak oinarri, ekinbide berriak sortzea da helburua.

Eta Debagoiena prest dago halako plataforma bat hartzeko?

Sekulako potentziala du Debagoienak, askotariko eragileak ditu, indar handikoak: unibertsitatea, enpresak, ikerketa zentroak, tokiko administrazio publikoak, askotariko gizarte eragileak...Gainera, oso errotua dago komunitatea lankidetzatik eta autoeraketatik eraikitzearen kultura. Finean, gizarteak berezko duen potentzial hori askatzea da kontua; eragile horien arteko konexioan sakontzeak lagun dezake horretan. Tartean, gurea moduko gizarte konplexuak dituen zenbait erronkei eragileen arteko lankidetza eraginkor batekin besterik ezin diezaiokegu aurre egin –klima aldaketa, gizartearen zahartzea, genero berdintasuna, hezkuntza ereduaren berrikuntza, gizarte kohesioa...–. Eta hori lortzera bidean dihardugu berrikuntza plataformarekin. Nire ustez, ba, uneotan ahulak diren konexio horiek indartzea eta lankidetza eraginkor baterako bitartekoak jartzea da egin dezakegun ekarpen handiena.

Zer espero daiteke aurrera begira?

Ba, atzera begiratzen badugu, ikusiko dugu bailara erreferente izan dela gizarte eraldaketan. Jakin izan baitzuen garaiko erronka sozial potoloei erantzun berritzaile eta eraldatzailea ematen. Bada, bide horri eman gura diogu jarraipena berrikuntza plataformarekin. Asmatuz gero, ziur naiz eredu bilaka gaitezkeela nazioartean. Guztien arteko lankidetzan dago gakoa, beste barik. Horretan sakondu beharra dugu, beraz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak