Udako lehenengo asteetan murgilduta, Debagoieneko herrietan udaleku irekien eskaintza martxan jarri dute dagoeneko. Arrasaten, esaterako, Txatxilipurdik antolatzen dituen udaleku irekietan, 280 ume parte hartzen ari dira egunotan. Astelehenean hasi eta uztailaren 20ra arte udalekuez gozatu ahal izango dute gazteek. Udaleku irekiak 30. urtez jarraian antolatu dituzte Arrasaten.
Bergaran, aurten, 508 umek eman dute izena udaleku irekietan. Pasa den astelehenean, uztailak 2, hasi eta hilaren 27ra arte iraungo dute udalekuetako ekintzek.
Oñatin 580 umek eman dute izena aurten, eta, astelehenean hasiera eman ostean, uztailaren 27ra bitartean ibiliko dira 3 eta 12 urteko haurrak. Udalak eta Txaloka ludotekak antolatu dituzte udalekuak, elkarlanean, beste behin.
Aretxabaletan, bestalde, 338 neska-mutiko elkartuko dira aurten. Guztira, 37 begirale eta bi koordinatzaile izango dituzte 3 eta 12 urte arteko gazteek guztia bideratzen. Taldeetan banatuta, ekintza ugari egingo dituzte haurrek, uztailaren 20ra arte. Gainera, Ibarra kiroldegian egingo dituzten kirol-udalekuetan 23 umek eman dute izena aurten.
Eskoriatzan, 3-12 urte bitarteko 240 haur dabiltza udaleku irekietan. Martitzenean hasi zituzten eta uztailaren 20ra arte iraungo dute.
Antzuolan ere, astelehenean abiatu zituzten udaleku irekiak, eta, uztailaren 12ra arte, jolasteko eta ondo pasatzeko aukera izango dute izena eman duten 195 umeek.
Elgetan 80 neska-mutiko pasako dira udaleku irekietatik. Ekainaren 25ean hasi zituzten eta uztailaren 27ra bitartean izango da 2006 eta 2015 urteen artean jaiotako neska-mutikoendako eskaintza.
Aramaion ere Udalak antolatu ditu udaleku irekiak. 12 urtez azpikoek uztailaren 20ra arte izango dute dibertitzeko aukera, eta, 12 eta 16 urte artekoentzat, uztailaren 4an, 5ean, 16an, 17an eta 18an ekintzak antolatu dituzte. Guztira, 100 gaztek eman dute izena.
Leintz Gatzagan, 12 umek parte hartuko dute udaleku irekietan, bi begiraleren zaintzapean. Uztailaren 9tik 20ra izango dira.
Kirola egiteko aukera
Era berean, kirol campusak ere heldu dira. Bergara Kirol Elkarteak 130 gazterendako jardunaldiak egin zituen Ander Capa jokalariaren gidaritzapean eta Mondrak aste honetan abiatu du campusa, 44 umerekin. Saskibaloiari dagokionez, Ointxe! taldeak ere antolatu zuen campusa pasa den aste bukaerarako. Aurrera begira, Geroa sortuzudako futbol campusaren 8. aldia antolatu du UDAk. Datorren astean egingo dituzte saioak, eta 61 umek parte hartuko dute Aretxabaletan.
Uztaileko lehen hiru asteetarako, gainera, Mondratek campusa antolatu du. Areto futbolaren inguruan 92 neska-mutiko ibiliko dira aurten