Uztaila ate-joka dago, eta, horrekin batera, askotariko udaleku proposamenak, han-hemenka. Horietako bat da EuskarAbentura. Euskaldunen aktibazioa helburu, uztailaren 1ean Maulen hasi eta hil beraren 31n Getxon amaituko den ibilaldia. 16 eta 17 urte bitarteko 120 gazte euskaldunek –zazpi herrialdetakoak zein diasporakoak– espedizio bat abiatuko dute, beraz, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan barrena.
Espedizioa oinez garatuko da, Euskal Herriko Donejakue bidea jarraituz. Egun bakoitzean ekintza desberdinak izango dira: museoak bisitatu, hitzaldiak, tailerrak, kirol txapelketak, eztabaidak, astronomia hitzaldiak, eta abar.
Debagoiendar bi
EuskarAbenturan parte hartuko duten 120 gazte horietatik bi dira debagoiendarrak. Elgetako Izar Han Xue Irazabal eta Arrasateko Lorea Ibarra. 16 urteko gazte bi dira domekan hasiko duten hilabeteko esperientzia zirraraz itxaron dutenak. Ikastetxean jaso zuten biek ere egitasmoaren berri eta aukera polita iruditu zitzaien Euskal Herria ezagutuz lagun berriak egiteko. "Beste udaleku batzuk bilatzen ibili nintzen aurretik", dio Izar Han Xue Irazabal elgetarrak. "Hau oso ideia polita iruditu zitzaidan, euskaraz delako, eta Euskal Herrian delako".
Hautaketa prozesuaz
Aukeraketa prozesua ere berezia izan da, hautagaiak lan bat aurkeztu behar izan baitu. Literarioa, plastikoa, musikala edo ikusentzunezkoa izan zitekeen. "Euskara eta emakumeak gaia aukeratu nuen nik", azaldu du Lorea Ibarrak. Gai horrekin lotuta, ipuin bat sortu zuen arrasatearrak. Gustura gelditu zen lanarekin eta aukeratu egin zuten, gainera. "Ez nuen espero eta poz handia hartu nuen".
Izar Han Xue Irazabal elgetarrak ere gai beraren bueltako lan plastiko bat aurkeztu zuen, marrazki bat. Hark ere pozik hartu zuen hautatua izan zela zioen deia. "Egindako esfortzuaren aurrean hautatua izateak harro sentiarazten zaitu".
Espedizioa hasteko bi egunen faltan, irrikaz eta gogotsu daude bi debagoiendarrak. "Gogo handia daukat, proposamen berria da eta badakit ondo ibiliko garela. Ibilbideak gogorrak izango dira baina horrek ez dit beldurrik ematen. Zerbaitek kezkatzekotan hori da, ezagutzen ez dudan jendearekin joango naizela", dio Ibarrak. Irazabalek ere kezka berak partekatzen ditu. "Ezagunik ez dudala bertan, hori da kezka sor diezadaken gauza bakarra. Halere, lagun berriak egiteko polita izango delakoan nago. Bestelakoan, zirraragarria izango delakoan nago".