Helburua herritar guztien arteko berdintasuna bermatzeko aniztasunaren eta diskriminaziorik ezaren baloreak sustatzea izango da. Horrela, azterlana orain hasi eta urte amaiera bitartean egingo da, eta ikergai nagusitzat zera izango du: LGTBI+ diren pertsonek jasaten dituzten eskubide urraketak eta diskriminazio egoerak. Horretarako, galdera sorta ireki bat zabalduko dute eta elkarrizketak egingo zaizkie hainbat adituri eta aktibistari. Gainera, zenbait eztabaida talde antolatuko dituzte.
Gaur egin dute proiektuaren aurkezpena, eta bertan azaldu duten moduan azterlanaren asistentzia teknikoa Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Elkartearen ardura izango da. Horren koordinatzaile Aintzane Muguruzak eman ditu prozesuaren xehetasunak. Bai Muguruzak, eta Aldundiko ordezkariek horrelako azterlan baten beharra azpimarratu dute, izan ere, "orain arte ez da halako ikerketa zehatzik egin lurraldean" eta, foru zuzendariak adierazi duenez, horrek aukera emango du "jakiteko zer
neurritan sortzen diren halako eskubide urraketak Gipuzkoan".
"LGTBI+ kolektiboko pertsonen errealitatea eta jasaten dituzten urraketak ezagutu gabe horien eskubide eta aukera berdintasunari buruz jarduteak eragotzi egiten du ekimen zuzenak eta egokiak abiaraztea", adierazi du Maribel Vaquerok.