Uda da gehien irakurtzen den sasoia, eta irakurle asko izaten dira liburutegietara gomendio eske joaten direnak. Helburu horrekin kaleratzen dute, 2005a ezkero, Arrasateko, Aretxabaletako, Eskoriatzako, Bergarako, Oñatiko, Aramaioko eta Legazpiko udal bibliotekek Biblioporrak gida.
Aretxabaletakoak, koordinatuta
Bi bileratan finkatzen dituzte bildumaren osagaiak. "Haurrendako eta gazteendako proposamen batzuk eramaten ditu biblioteka bakoitzeko ordezkariak lehenengo bilerara, eta bigarren bileran, helduentzako proposamenak lantzen ditugu modu berean; horietatik guztietatik egindako aukeraketatik osatzen dugu Biblioporrak, udarako; eta negurako, berriz, Neguko gida", dio Aretxabaletako bibliotekari Joseba Armentiak; eurei egokitu zaie azkenekoa koordinatzea. Gomendioen zerrenda osatutakoan, gidari forma emateko, ilustratzailearekin elkartzen dira. Urte askoan giden diseinua Iraide Olaizolak egin badu ere, Antzuolako Nagore Igartza arduratu da aurten lan horretaz.
6.800 ale
Argitaratu dituzte Ikastetxeetan banatu dituzte dagoeneko ale berriak, eta liburutegietan ere hartzeko moduan daude; horrez gainera, formatu digitalean nahi duenarentzako, dagokion herriko edo liburutegiko atarian daude eskuragarri. Adinaren arabera banatuta Aurreko aldietako formatuari edo egiturari jarraituz, hiru sailetan banatuta dago biblioteken gida berria: liburuak, musika eta filmak.
Lehenengoan, adinaren arabera banatutako proposamenak daude; euskarazkoak eta gaztelerazko argitalpenak daude adin tarte guztietarako. "Aukeratu ditugun gehienak lan berriak dira, hau da, 2018an argitaratuak; eta iragarri edo eskainitako ekoizpen guztiak Debagoieneko udal biblioteketan hartzeko moduan daude. Saiatzen gara ahalik eta liburu berri gehien ekartzen gurera".