Ze aurkitu duzue migratzaileen azken uholde honetan?
Almeriako Gurutze Gorritik Espainia zeharkatzeko bidaia egiten laguntzen diete eta Frantziara heldu aurretik, autobusean zetozen 46 lagun, Malikoak ia guztiak, Donostian geratu dira. Gauza ohikoa da. Baina Aquarius-en kontu honekin, oihartzun mediatiko handiagoa izan du. Jaten eman, garbitzeko edo dutxa hartzeko laguntza eskaini, arropak eman… halakoetan jardun dugu. Astelehenetik hona gehiago etorri dira. Realak, esaterako, txandalak utzi dizkigu eta horiekin jantzi ditugu. Irudi kuriosoa da.
Zenbat denbora daroatzate bidaian?
Orain etorri diren guztiak Frantziara doaz. Han senitartekoak dituztelako. Haiekin elkartzeko asmotan. Sei edota bederatzi hilabete daroatzate bidaian. Guk bidaia tramitatzen laguntzen diegu, baina Frantzian ezin diegu lagundu.
Plan berezia duzue Debagoienean asilo politikoa eskatzen dutenak artatzeko. Zertan da?
Debagoieneko mankomunitatearen egoitza dagoen tokian, Arrasaten, badugu bulego bat. Gipuzkoan, Donostian eta Eibarren ere badaude. Lau etxebizitza ditugu Arrasaten eta beste bat Eskoriatzan. Egoera politiko gatazkatsuak bizi dituzten herrialdeetatik ihesi doazen migratzaileak dira. Siria, Maroko, Sahara, Venezuela… Etxea eskaini eta gizarteratzen laguntzen diegu.
Zenbat boluntario ari zarete gaur egun Debagoienean?
Orotara, 60 bat izan gaitezke, batzuk une puntualetan laguntzen dutenak; modu jarraikorrean 25 bat boluntariok dihardugu.